
gipuzkoakultura - ondarea
Uztailaren amaieran aurreratu genizuen Brokoa txalupak, kabotaje-nabigazioaren ondarea berreskuratzeko asmoz, egingo zuen itsas-bidaiaren berri. Bizkaitik Nafarroaraino burdina garraiatzeko mendeetan zehar erabili zen itsasbidea jarraituz, uztailaren 31n, 19:00etan, Brokoa Donostiako portura iritsi zen. Bertan, eskifaia kideek Untzi Museoa bisitatu zuten.
Gonzalo Duok eta Itsas Begia Euskal Itsas Ondarea Babesteko elkarteak antolatu zuten bidai hau, Bizkaiko burdinaren itsasbidea gogoratzeko. Brokoa txalupa Bilbotik atera zen uztailaren 29an eta Urdazubira iritsi aurretik ondoko herrietan egin zituen geldiuneak: Portugalete, Plentzia, Bermeo, Zumaia, Donostia, Donibane Lohizune eta Azkaine.
Donostiara iristean, senideak eta lagunak zituzten zain, Untzi Museoko arduradunekin batera. Museoko arduradunek Donostia, itsas hiria erakusketan bisita gidatua eskaini zieten.
![]()