
gipuzkoakultura - ondarea
Untzi Museoak XVII. mendeko Kontxako badiaren koadro bat eskuratu zuela kontatu genizuen maiatzean. Orain, bi hilabete geroago, Zurriolako hondartzaren txanda da. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako kaian duen Untzi Museoak Antonio Brugadaren 1858ko olio-pintura bat eskuratu du. Zurriola hondartzatik ikusitako ilunabarra agertzen da eta bertan harresiak bota aurreko Donostiaren itxura nolakoa zen ikus daiteke.
XIX. mende erdialdeko Donostiako paisaiak urriak dira olio-pinturetan, eta bakan horietariko bat da Antonio Brugadaren margolan hau. Gran Vía de Bilbao etxean izandako enkantean erosi zen 20.000 eurotan eta 50x80 zentimetro ditu.
Olio-pintura hau azaroaren 2a arte Untzi Museoan ikus daitekeen Donostia, itsas hiria erakusketan dago ikusgai. Erakusketa honetan, erromatarren garaitik gaur egunera doan ibilbidea egin daiteke hiriaren historian barrena; balio historiko zein artistiko handiko hainbat pieza -hauetariko asko jendaurrean erakusten diren lehen aldia da- biltzen ditu erakusketak eta ikus-entzunezko hainbat lan ere badaude hiriaren historian murgiltzeko.
Antonio Brugada
Olio-pinturaren egilea Antonio Brugada da (Madril, 1804-Donostia, 1863), espainiar erromantizismoko lehenetariko itsas-margolaririk garrantzitsuena. Bere ekintza politikoa liberala zela eta, Frantziara joan beharra izan zuen eta 12 urtez bizi izan zen erbestean. Han Goya ezagutu zuen.
Brugada Espainiako itsas paisaia erromantikoak laudatzen aitzindaria izan zen. 1884-1885. urteetan, Donostiako Udaletxerako (Konstituzio plazan) bi mihise handi margotu zituen Antonio Okendoren omenez. Mihise hauek Pernambucon eta Dunetan izandako itsas borrokak irudikatzen dituzte, eta margolanen zati bat harpidetza publikoz ordaindu zen.