
gipuzkoakultura - ondarea
« Zumalakarregi Museoaren Zerbitzuen Kartaren emaitzak | ondarea | Arkeologia-jardueretarako diru laguntzak »
Uztailaren 29tik abuztuaren 2ra, asteartetik larunbatera, Brokoa txalupak burdina eramango du Bilbotik Azkainera, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldean barrena, ondoko herrietan geldituz: Portugalete, Plentzia, Bermeo, Zumaia, Donostia eta Donibane Lohizune. Azkainetik Urdazubiko San Salbatore monasteriora garraiatuko dute gurdietan. Itsas Begia Euskal Itsas Ondarea Babesteko elkarteak antolatu du ekimen hau, kabotaje-nabigazioaren ondarea berreskuratzeko. Oroitzapenezko ekimen honek hainbat erakunderen laguntza eta babesa du; besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiarena.
XVI eta XIX mendeen artean, Enkarterrietako meategietako burdina itsaso eta lur bidez garraiatzen zen. Uda partean, mea kabotaje bidez -portuz portu kostaldetik urrundu gabe- garraiatzen zuten burdinoletatik gertuen zeuden portuetara.
Burdinaren industriak mozkin handiak ematen zizkien prozesuan parte hartzen zuten eragileei: meatzari, garraiolari, merkatari, pleitari, maisu eta marinelak... Burdinola bakoitzeko 100 pertsona inguruk lortzen zituzten mozkinak.
Hain zuzen, jarduera hau oroitzeko bidaia antolatu du Itsas Begia elkarteak. Bilbotik Urdazubiko San Salbatore monasteriora garraiatuko dute burdina, Portugalete, Plentzia, Bermeo, Zumaia, Donostia,Donibane Lohizune eta Azkainera.
Brokoa txalupan egingo dute itsas-bidaia. Txalupa hau XIX. mendeko bizkaitar erako txalupa baten eredua jarraituz eraki da; 13,7 metroko erruna du, hiru bela eta sei arraun alde bakoitzean. Asteartean, hilak 29, Bilbotik atera eta ostiralean, abuztuak 1, iritsiko da Azkainera. Handik Urdazubiko San Salbatore monasteriora garraiatuko dute burdina. Abuztuaren 2an iritsiko da helmugara.
Ostegunean, uztailak 31, Gipuzkoan izango dugu Brokoa. 13:00etan Zumaiara iritsiko da; Burdinaren kabotajea 2008 proiektua aurkeztu eta bazkaltzeko etenaldia egingo dute. 15:00etan Donostiara abiatuko dira. 17:00etan iritsiko dira portura eta, Kontxako badian ibili ondoren, Burdinaren kabotajea 2008 proiektua aurkeztuko dute berriz. Ondoren, Aquariuma eta Untzi Museoa bisitatuko dute. 20:00etan Donibane Lohizunerako bidea hartuko dute.
Hernani, burdin portua
Hernanin burdinola ugari zeuden: Abillas, Aparrain, Epela, Ereñozu, Errotaran, Fagollaga, Huerratua, Lasa, Olaberriaga... 1790 urtean, Erret Armada ainguraz hornitzeko kontratua eskuratu zuen. Burdinoletan egindako aingurak Hernaniko porturik Donostiara eramaten ziren Urumea ibaitik eta Donostiatik beste batzuetara.