gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abuztuak 20, asteazkena

gipuzkoakultura - ondarea

« Zein herri da? | ondarea | Uda Igartubeitin »

Urtebeteko ibilbidea mendetako itsas historian zehar
2008/06/05

Arrantzari buruzko atala Untzi Museoaren Donostia, itsas hiria erakusketak urtebete egingo du datorren astean. 2007ko ekainaren 12an inauguratu zen eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian duen museoaren ildoan aldaketa ekarri zuen.

Museoak 16 urte zituen orduan, eta formula aldatzeko une egokia zela pentsatu zuten museoko arduradunek. Hala, erakusketa iraunkorrerako erabiltzen ziren bi solairu nagusiak iraupen luzeko aldi baterako erakusketentzako espazio bihurtu ziren.

Hain zuzen ere, Donostia, itsas hiria erakusketarekin hasi zen museoaren aro berria. Hau da, Erromatarren garaitik hasi eta gaur arte, hiriaren itsas historiaren berri ematen digun erakusketarekin.

Urte bete pasa da dagoeneko, eta emaitzak oso onak dira. Erakusketari buruzko iritzi eta kritikak primerakoak dira. Gainera, taldeko eta banakako bisitari kopuruak eta bisiten iraupenak gora egin dute. Hori dela eta, hasieran erakusketa maiatzaren 28an bukatzekoa zen arren, epea luzatu egin da eta azaroaren 2a arte izango da ikusgai.
Bonaventura Peetersen koadroa
Urtean zehar, ezusteko atseginak ere izan dira. Bonaventura Peetersen Vista de San Sebastián 1652eko marrazkia azaldu izana, esaterako. Marrazkiaren gaia ikusita, ezin aproposagoa zen erakusketa honetarako. Izan ere, XIX.mendea baino lehenagoko Donostiari buruzko oso irudi gutxi daude; beraz, pieza honek balio historiko eta ikonografiko handia du hiriarentzat. Kalitate grafiko bikaineko pieza da eta garai jakin bateko Donostia erakusten du; aurreko hamarkadetan kortso-jarduerak izan zuen indarra gutxiagotua zegoen arren, itsas merkataritza hirian indartsu mantentzen zen (Amerikarekiko -Indiatako Ibiliko Ontzidien bidez- eta Europa Atlantiarrarekiko) garaia, hain zuzen.

Donostiaren itsas historia

Korsarioei buruzko koadroaMoilen neurri txikiak ikusirik zail egiten da Erdi Aroaz geroztik XIX. mendea arte Donostian garatu zen itsas jarduera garrantzitsua imajinatzea. Izan ere, ikuspegi honetan ahantzi egiten dugu Donostiako portu espazioak bilbe bat osatzen zuela, eta bertan txertatuta zeudela badia, Santa Katalinako portua (Urumearen bokalean) eta Pasaia bera ere. XIX. mendearen hasiera arte, Pasaiako badiako portuko mugimendua Donostiaren kontrolpean egon zen, eta Pasai San Pedro ingurua hiriburuaren udalbarrutian sartuta gainera.

Partekatutako interesez eta gatazkez osatutako eszenatoki honetan itsasoari lotutako ekonomiaren gune bat finkatu zen, eta hainbat unetan garrantzi handia izan zuen Europa mailan. Eta eszenatoki horretan itsasoari lotutako lanbide sorta zabala garatuko zen. Itsas garraio eta merkataritza, alturako eta baxurako arrantza, baleak harrapatzea, ontzigintza, itsasoko gerrak eta kortsarioren jarduera izan ziren, hainbat mendetan zehar, Donostiako biztanle gehienen bizimodua. Banakako zein kolektibo gisako ahalegin horien baturak osatu du, ber argi eta itzal guztiez, hiriaren muin historikoa.

XIX. mendearen amaieran Donostiak alderdi turistikoa sendotu zuen, bide batez, itsasoarekiko eta merkataritzarekiko lotura tradizionala baztertuz. Arrantza, ordea, suspertu egin zen baporea iritsi zenean eta, zailtasunez bada ere, mantendu egin zen XX. mendean zehar. Gaur egun arrantza jarduerak aurrera segitzen du, duintasunez, ziurgabetasuna nagusi den etorkizunari begira.


Erakusketaren edukiak

Ontzi erromatarrak badian
Arkeologi aurkikuntzek ongi erakusten digute erromatarrak Donostian izan zirela.

Itsas garraioa eta merkataritza
Jatorri gaskoia zuten biztanleen ekarpenaz, Donostia Bizkaiko Golkoko merkataritzaren portu nagusietako bat izan zen Erdi Aroan zehar. Burdina eta artilea oinarri zituen merkatuaren dinamikak asko iraun zuen.

Baleazaleak
XVI. mendean asko zabaldu zen Ozeano Atlantikoaz bestaldeko balearen eta bakailaoaren arrantza. Pasaiako portua basetzat izanik, XVI. mendean Donostia mundu osoko baleazale gune nagusia izatera iritsi zen.

Ontzigintza
Euskal ontzigintzak nazioarte mailan zuen ospearen zati handi bat Donostia-Pasaia inguruko ontziolen lanean zegoen oinarrituta.

Hiri kortsarioa
XVII. mendean Donostia espainiar inperioko jarduera kortsarioaren gune nagusienetako bat izan zen.

Itsasoz haraindiko enpresak
XVIII. mendean Amerikarekiko merkataritzan ari ziren enpresen artean Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra nabarmendu zen, merkataritza jarduera eta kortsarioa bateratu zituen ontzidi sendo eta ahaltsu batez.

Turismo hiria
Hondartzako turismoa XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hasiera bitartean finkatuko zen, eta hiriaren itxura eta izaera eraldatuko zituen.

Arrantza portua
Arrantza da tradizio luzea dutenen artetik Donostian mantentzen den itsas jarduera bakarra. Zuzeneko ekarpen ekonomikoaz gain, oso kontuan hartu behar da hiriaren turismorako duen erakarmena ere, kultur eta nortasun erreferentzia izateaz gain, inolaz ere.

Erakusketako areto bat
Ordutegia
Asteartetik larunbatera:
-10:00etatik 13:30era
-16:00etatik 19:30era

Igande eta jaiegunetan:
-11:00etatik 14:00etara

Astelehenetan itxita

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net