
gipuzkoakultura - ondarea
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Untzi Museoak balio historiko eta ikonografiko handiko pieza bat eskuratu du berriki: Bonaventura Peetersek lumaz (sepia tinta urkolore grisarekin) egindako marrazki bat; bertan, Kontxako badia azaltzen da, eta galeoi itzel batzuk nabarmentzen dira. Egileak ondoko data jarri zion bere lanari: 1652. urteko otsailaren 29a.
XIX.mendea baino lehenagoko Donostiari buruzko oso irudi gutxi daude; beraz, pieza honek balio historiko eta ikonografiko handia du hiriarentzat. Kalitate grafiko bikaineko pieza da eta garai jakin bateko Donostia erakusten du; aurreko hamarkadetan kortso-jarduerak izan zuen indarra gutxiagotua zegoen arren, itsas merkataritza hirian indartsu mantentzen zen (Amerikarekiko -Indiatako Ibiliko Ontzidien bidez- eta Europa Atlantiarrarekiko) garaia, hain zuzen.
Irudi honen egilea Bonaventura Peeters -margolaria grabatzailea eta poeta- izan zen. Amberesekoa zen eta ontziz eta marinelez osatutako itsas-pintura ekaiztsuengatik egin zen ezagun. Bere lana Europako hainbat museotan ikus daiteke; besteak beste, Londoneko National Galleryn, Greenwicheko National Maritime Museumen eta Bienako Kunsthistorische Museumen. Marrazkiaren atzealdean, egite-dataz gain, nederlanderaz hauxe dago idatzia: "hauxe da Bonaventura Peetersek egindako azken marrazkia". Eta beste esku batek dio: "eta Itsasoan hil da".
Donostia, itsas hiria
Marrazki hau Untzi Museoan ikus daitekeen Donostia, itsas hiria erakusketan dago ikusgai. Erakusketa honetan, erromatarren garaitik gaur egunera doan ibilibidea egin daiteke hiriaren historian barrena; balio historiko zein artistiko handiko hainbat pieza biltzen ditu erakusketak eta ikus-entzunezko hainbat lan ere badaude hiriaren historian murgiltzeko. Hasiera batean, erakusketa maiatzaren 28an bukatzea zegoen iragarrita, baina, publikoak eta kritikak egindako balorazio positiboak ikusita, azaroaren 2a arte mantenduko da.
Urte bukaeran Untzi Museoak berak sortutako iraupen luzeko beste erakusketa bat eskainiko da: Euskaldunak eta Ozeano Pazifikoa. XVI. mendetik gaur arte, euskaldunek zonalde honetan, Filipinak eta Txina eta Japongo kostaldeak barne, izandako presentzia garrantzitsua aztertuko du erakusketa honek.