
gipuzkoakultura - ondarea
Zumalakarregi Museoak, XIX. mendeko Euskal Herriaz jakiteko eta gozatzeko erreferentzia den zentroak, UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin batera, Kultur Ondarearen Didaktikari buruzko ikastaroa antolatu du. 2008ko uztailaren 2an eta 3an eskainiko du Eibarren.
Ikastaro honetan, kultur ondarearen ezagutza, ulermena, balorazioa eta errespetua bultzatzen dituzten proposamen teoriko-praktikoak eskainiko dira, ondarea irakatsi eta ikastea posible dela frogatuz. Proposamen horiek hiru testuingurutan landuko dira: ikastetxean, museoan eta Interneten.
Ondarea eta Ondare-hezkuntza kontzeptuak teorian landuko dira, betiere adibide praktikoei ere erreferentzia eginez. Kultur ondarearen irakaskuntzarako zenbait proposamen eta eredu praktiko ere aztertuz. Museum Cemento Rezolan eta Oiasso Museoan eskaintzen diren zerbitzu eta ekintza didaktikoak ere zuzenean ikusteko aukera izango dute ikasleek.
Ikastaro hau kultur Ondarean interesa duen edonori, edozein mailatako irakasleei eta Pedagogia, Magisteritza, Turismo, Artearen Historia eta Filologiako ikasleei zuzendua dago.