gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abuztuak 20, asteazkena

gipuzkoakultura - ondarea

« Bi mundu aurrez aurre | ondarea | Nabarra boua-Matxitxakoko guda: azken egunak »

Santo Kristo kaperaren zaharberritzea
2007/11/28

balkoia eta kupula Duela urte batzuk Oiartzungo San Esteban elizan zaharberritze lan sakonak egin ziren (estaldura eta dorrea birgaitzea, barrualdea eta instalazioak egokitzea, erretaulak zaharberritzea...), baina Santo Kristo kapera zaharberritzeke geratu zen.

Kapera barrokoa da eta kupula balkoidun bat dauka. Hormak pinturaz dekoratuta daude; horretaz gain, bi erretaula dituzte: bata San Ignaziori eskeinia eta bestea San Frantzisko Xabierri.

Aurten hasi dira erretaulak zaharberritzeko lanak eta, hauek bukatuta, hormetako pinturak aztertu eta ikertuko dira hauek ere zaharberritzeko.

San Esteban eliza
1476 urteko frantsesen erasoaren ondoren hasi ziren egungo eliza eraikitzen. Aipatzekoak dira barruko hamabi erretaulak, barrokoko garai guztiak hartzen baitituzte.

Dorrea 1584 urtean hasi zuten, Nicolas Lizarragaren diseinuarekin eta Juan de Sarobe hargin maisuaren laguntzarekin. Ondoren, Pedro de Zalduak jarraitu zituen lanak eta 1608 urtean bukatu zituzten. Hasieran, sarrera nagusia izateko diseinatu zuten dorrea, baina azkenean kapera bilakatu zen; Santo Kristo kapera, hain zuzen.

Santo Kristo kapera
Kapera altua da eta petxina gaineko kupula batek estaltzen du. Hormetako bi erretaulek dekorazioa borobiltzen dute.

Dekorazioa Eraiki zutenean, paramentuak, moldurak eta kupula barrokoko garai churriguereskoko pintzel lanekin apaindu zituzten. Baina gustu aldaketek eta mantentze lanek elementu hauen jatorrizko itxura aldatu dute, kolore bakarreko hainbat kapakin estaliz. Hala, dekorazioari dagokionez egonkor mantendu den elementu bakarra kupula da.

Linterna Kupulak zortzi zati nagusi ditu, beste zortzi espazio txikiagok bananduta. Zati txikiek lorontzi eta landareen irudiak dituzte apaingarri gisa. Handietan, puntu erdiko zortzi horma-hobi daude. Hauen barruan hainbat pertsonaia daude: bertuteak, Santa Barbara, pertsonaia hegaldunak eta apostoluak. Kupularen oinarrian, moldura apaingarriak daude eta gailurrean tranpantojo teknikarekin egindako linterna baten imitazioa.

Zaharberritze lanak direla eta, murruen polikromia korrespondentzia aztertu da, egungo pintura estalduraren azpian dauden horma-pinturen ezaugarriak zehaztu eta lanak egiteko erarik egokiena ezartzeko.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net