
gipuzkoakultura - ondarea
Azken urteetan zaharberritze lan asko egin dira Elgoibarko San Bartolome elizan: estalkia berritzea, fatxada zaharberritzea, instalazioak hobetzea...
Lanei amaiera borobila emateko, barrukoa moldatzea falta zen; batez ere, elementu bertikalak eta gangak margotzea, eta erretaula nagusia eta petxinetako margolanak zaharberritzea. Lan hauek 2006 urtearen amaieran hasi ziren eta, 2007an dirulaguntza jaso ondoren, bukatzear daude.
Erretaula nagusia
Estilo neoklasikoko erretaula honek San Bartolomeren martirioa irudikatzen du. Francisco Justiniani eta Francisco Ugartemendia arkitektuek egin zuten XVIII mende amaieran, Ignacio de Haanen diseinua jarraituz.
Adreilu eta igeltsuzko erretaula hau urre kolorekoa eta koloreaniztuna da. Erdian, bi zutabe pareren artean, santuaren martirioa azaltzen da. Zutabeek kapitel korintiarra dute eta gainean arkitrabea, frisoa eta erlaitza dituen taulamendu handi bat dute.
Goiko aldean, santua ikus dezakegu, zilar koloreko hodei eta aingerutxo artean zerura igotzen. Irudikapen honen alde banatan aingeru bana dago, martirioaren ikurra eskutan dutela.
Petxinak
Gurutzamenduko lau petxinak lau margolan obalatuk apainduta daude. Margolan hauetan Elizako doktoreak azaltzen dira: San Gregorio, San Agustin, San Ambrosio eta San Jeronimo.
San Bartolome elizari buruzko liburu baten egile den Mª Isabel Astiazaránen hitzetan, margo hauen egilea Ignacio Arana da eta 1722 - 1724 urteen artean egin zituen. Garaiko dokumentuen arabera, lan honengatik eta Santo Kristo baten irudiagatik 1264 erreal kuarto ordaindu zizkioten, eta beste 476 jana ordaintzeko.
Margo hauen markoak urre koloreko landareak ditu. Marko hauek aztertzean, erratuala nagusiarekin antzekotasunak dituela ikusi da; beraz, badirudi garai berean egin zirela.