
gipuzkoakultura - ondarea
« Donostiako Forua urriaren 15a arte ikusgai | ondarea | Zumalakarregi Musearen bildumako bi pieza itzuli dituzte »
Urtero bezala, Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoak Sagardo Astea antolatu du. Urriaren 10etik 17ra, dolareak martxan jarri eta duela 500 urte sagardoa egiteko erabiltzen zen teknika erabiliko da.
Antzezpenak, kirikoketa eta sagar erakusketa ere izango dira. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisita daiteke eta sarrera doakoa da.
Sagar zanpaketak egunero izango dira, goizez eta arratsaldez (11:30ean eta 17:00etan). Ostiralean, larunbatean eta igandean (hilak 12, 13 eta 14) goizez bi zanpaketa egingo dira (10:30ean eta 12:15ean), eta arratsaldez beste bat (17:00etan) izango da.
Zanpaketa bakoitza baino lehenago 50kg sagar gehituko dira kirikoketa erakustaldi bat egiteko. Asteburuan ordea, Arikungo Jo ala jo elkartekoek kirikoketa egokiak egin ditzaten, 150kg sagar gehituko dira zanpaketa bakoitzaren aurretik. Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin, egiten den txalapartaren aldaera da. Antzina dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hau Igartubeiti Baserri Museoan gogora ekarriko da, usadio zaharrak berreskuratu eta ikertzen dituen kultur elkarte honen eskutik.
Segurtasun arrazoiak direla eta, prentsaldia egiten den gunean, lehen solairuan, sarrera murriztua izango da eta ez da erreserbarik onartzen. Dena dela, bitartean bisitariek inauguratu berri den interpretazio zentroa ezagutzeko aukera izango dute.
Antzezpenei dagokienez, Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familia antzeztuko dute. XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako janzkerekin jantziak, baserria erakutsiko diete bisitariei eta beraien zereginei buruz hitz egingo diete. Bisitariak elikadura, sagardogintza, ohe- jantzi eta ehun, altzari konponketa, lanabes eta egur egitura, ereitea, baratzeko produktuei eta abarrei buruzko arloetaz jabetuko dira. Ostirala, larunbata eta igandean (hilaren 12,13 eta 14a) izango dira, ondoko orduetan: 10:30ean, 12:15ean eta 17:00ean.
Azkenik, Ezkio-Itsason bildutako hainbat sagar mota ikusgai izango dira sagar astearen baitan: argentina sagarra, pinoi, errege gaxie, txori sagarra, mendeun sagarra, golden, madari sagarra eta limoi sagarra, besteak beste. Yartu elkarteak, Ezkio-Itsasoko Udalaren laguntzaz antolatutako erakusketa hau baserriko ezkaratzean dago ikusgai, urriaren 5etik 25era.