
gipuzkoakultura - ondarea
Zumalakarregi Museoak, XIX. mendeko Euskal Herria ezagutu eta gozatzeko erreferentzia zentroak, aisialdi eta kultur ekintza ugari izan ditu uda honetan eta 5.195 bisitarik hartu dute parte.
Zumalakarregi Museoan guztira 1.080 pertsona izan dira uztaila eta abuztuan (iaz baino %4 gehiago) eta Donostiako Cristina-Enea, Ingurumen Baliabideen Etxearekin lankidetzan egindako Munduari Bira erakusketak 4.115 bisitari izan ditu. Museoko dokumentazio zentruan ere, ikerlari eta eskaera kopurua bikoiztu egin da 2006ko datuekin alderatuz.
Bisitarien jatorriari dagokionez, turista katalanak eta madrildarrak nagusitzen dira, eta Euskal Herrikoak ere ugaritu dira.
Burututako ekintzak:
Le Tour du Monde aldi baterako erakusketa Cristina-Enean
Zumalakarregi Museoak Munduari bira, XIX. mendeko esploratzaileei buruzko erakusketa,eraman du Cristina-Enea Ingurumen Baliabideen Etxera, uztailaren 12tik irailaren 30era. Erakusketa hau dela eta, Zumalakarregi Museoak munduaren aurkikuntzari buruz eta Le Tour Du Monde aldizkariari buruzko hitzaldia eskaini zuen. Horretaz gain, Tximuaren Jokoa eskaini du osagarri didaktiko gisa, Julio Verneren Munduari bira 80 egunetan eleberri ezaguna jolasaren eta partehartzearen bidez ezagutzeko.
Tirabira Ormaiztegin jinkana
3tik 17 urte arteko 337 umek parte hartu dute uztailean, Tirabira Ormaiztegin jinkanan, liberalak eta karlistak oinarri dituen jolasean. Programa honek Irizar S. Coop. enpresaren lankidetza izan du.
Wilhem Von Humboldt: 1801 Euskaldunen herrian barrena bildumagarri birtuala
Humboldtek Euskal Herriari, euskaldunei eta beraien jarduera ekonomiko, jantzi, dantza eta hizkuntzari buruz idatzi eta Europan zehar zabaldu zituenak jasotzen dituen bildumagarri hau hilabetero bidali da.