gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abenduak 1, astelehena

gipuzkoakultura - ondarea

« Julian Zumetaren jakaren dohaintza | ondarea | 26 urtez ondarea zaharberritzen »

XIX. mendeko esploratzaileak
2007/07/12

expocristinaeneap.jpg Zumalakarregi Museoak aldi baterako erakusketa antolatu du, Euskal Esploratzaileak. Le Tour du Monde, Cristina Enea, Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxearen laguntzarekin.

Historiari kutsu literarioa dario erakusketari, natura, bidaiak eta bidaiariak baititu aipagai, eta idazleak eta artista grafikoak esploratzaileak bezain protagonistak dira, Cristina Eneako helburuekin bat etorriz.

XIX. mende erdi aldera mapek oraindik eremu asko zuri-zuri zituzten. Munduan zehar, beti ere europarren ikuspegitik, ezagutzen ez ziren lurraldeak ugariak ziren. Espedizioen ugaltzearekin batera, europarren jakin mina asetzearren sortutako aldizkarietan lehena Pariseko Le Tour du Monde izan zen. Aldizkari honek eskaintzen dituen irudien kalitatea eta xarma ezohikoak dira egun, garaiko irudigile eta grabatzaile onenak biltzen baititu, besteak beste, Karl Girardet, Victor Adam eta Gustave Doré. Euskal Herrian ere izan genituen bidaiariak. Hauen presentzia nabarmen utzi nahi dugu hiru pertsonaiaren bitartez: Anton Abbadia, Jose Mª Murga Mugartegi eta Manuel Iradier. Hainbat piezak haien bidaiak ekarriko dizkigute gogora.

Le Tour du Mondek munduko paisaia eta ohitura desberdinekiko europarren harridura azaltzen digu. Arrazakeria darie testu eta irudi hauetako askori, baina baita ausardia, abentura gosea eta egoerarik larrienetan bizirik irauteko grina ere. Erakusketa honek, urruneko paisaia eta kultura arrotz haietara ez ezik duela mende eta erdiko europarren ikusmoldera ere hurbiltzen gaitu.

Erakusketa honek Tximuaren jokua du osagarri, Julio Verneren eleberria oinarritzat hartuz eta tximuaren jokoan oinarrituz, umeek eta familiek munduari bira 80 egunetan emango diote. Bertan, parte-hartzaileek eragozpen eta egoera onuragarri asko ezagutuko dituzte. Le Tour du Monde aldizkariko irudiez osatutako 80 lauki dituen ohola, dado erraldoia, lau fitxa eta jokoaren arauez, ume eta familiek asmatu eta gainditu behar dituzten galdera eta frogen fitxak daraman euskarria. Horrela, erakusketa ikustera doazen ume eta familiek XIX. mendea ezagutu ahal izango dute modu dibertigarrian.

Erakusketak formatu eta kalitate handiko irudiak jartzen ditu ikusgai, baita euskarri informatikoko ikuskari bat ere. Garaiko testu eta irudien katalogoa CD batez lagundurik dator.

Mikel Alberdik, Zumalakarregi Museoko artxibo arduradunak Le Tour Du Monde XIX. mendeko aldizkariari buruzko hitzaldia eskainiko du uztailaren 12an Cristina-Enean, 19:00etan. Erakusketa honetako irudi gehienak argitalpen honetakoak dira.

Erakusketa Donostiako Cristina-Eneako erakusketa aretoan izango da ikusgai uztailaren 12tik irailaren 31era.


Euskal esploratzaileak. Le tour du monde
Ingurumen Baliabideen Etxea
Duque de Mandas kalea z/g
20012 Donostia-San Sebastián
Tel. 943 45 35 26
Ordutegia: astelehenetik larunbatera 9.30etatik 13.30etara eta 15.00etara 20.00etara.
Igande eta jaiegunak: 10.00etatik 13.30etara
Sarrera doan

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net