gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abuztuak 20, asteazkena

gipuzkoakultura - ondarea

« Donostia, itsas hiria | ondarea | Oteizaren eskultura batzuen eskuraketa »

Igartubeitiko Interpretazio Zentro berria
2007/06/20

IMG_1824.JPG Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat programa garatu ditu azken hogeita bost urteetan lurraldeko ondarea zaindu eta hedatzeko, batez ere baserriari lotutakoak, baserriak berak jasotzen baititu euskal kultur ondarearen ardatz nagusi bihurtzen duten balio historikoak, arkitektonikoak eta sinbolikoak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, mota horretako arkitektura tradizionala gordetzeko testuinguruan, Ezkio-Itsason dagoen Igartubeiti baserria erosi zuen 1992an. Baserri hori jatorriz XVI. mendekoa da, baina handitu egin zen XVII. mendean. Nabarmentzekoa da sagardoa egiteko erabiltzen zen habe luzeko dolarea, baserriaren elementu bereizgarrienetako bat, Euskal Herrian gutxi batzuk gelditzen baitira. Horrez gain, baserriak ia osorik zituen jatorrizko egiturak eta, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki zuen martxan jartzea eredugarritzat jo den baserria berritzeko proiektua, XVII. mendean Igartubeiti baserriak zuen itxura berreskuratzeko. Azken helburua Igartubeiti Baserri Museoa sortzea zen. Proiektu horren barruan bi une garrantzitsu egon dira: bata, baserria berritu eta jendearentzako ireki zenean, 2001eko udan, eta, bestea, datorren ekainaren 23an inauguratuko den interpretazio zentroa egin eta museo bezala ekipatu zenean, baserrian emandako informazioa gehitzeko.

Interpretazio zentro berria
Bailarara begira dagoen lursailaren sestra azpian egin da eraikina, baserriaren ikuspegia ez oztopatzeko, museoaren ardatz nagusia baserria bera baita. Beraz, Igartubeiti baserriari berari nahiz bailarari ikuspen eraginik sortu gabe egin da. Jatorrizko irudia berreskuratze aldera baserria bera birgaitzeko erabili zen filosofiari jarraitu zaio, proiektu arkitektonikoak baserriaren inguru naturala ahalik eta gehien errespetatuz, planteamendu hori aldatuko lukeen eraikinik sestra gainean egin gabe.

Eraikin horrek oinplano errektangularra du eta 672 m2-ko eraikitako azalera. Barrura sartzeko, fatxada nagusi osotik doan eta bailarara begira dagoen galeria igaro behar da, 150 m2-ko oinplanoa duena.

Eraikinaren erabilera programak honako zerbitzu hauek aurreikusten zituen: erakusketa iraunkorra, gune balioanizduna (aldi baterako erakusketak eta tailer pedagogikoak); jendearen arretarako gunea eta zerbitzu osagarriak (denda, sagardoa dastatzeko txotx gunea, edari eta janarien makinak); eta bulegoak eta biltegiak jartzeko beste gune batzuk.

Egungo interpretazio zentroa hiru gune handitan banatzen da:


Erakusketa gunea:
Gure helburua izan da baserrian bertan jendeari emandako informazioa osatzea, Igartubeiti Baserri Museoko bisita amaitu ondoren jendeak oinarri argiak izan ditzan euskal baserria, horren arkitektura, bizimodua eta bertan bizi zirenak hobeto ezagutzeko. Horretarako formula berriak bilatu dira. Ondare elementu bezala agertzen zaigun baserriaren itxura ederrak eta baserrian bertan dauden jatorrizko objektuek aukera eman ziguten ausartagoak eta irudimentsuagoak izateko interpretazio zentroan erabili beharreko euskarri museografikoei dagokienez. Horrela, teknologia berrienetan oinarritutako baliabide expografikoak erabili dira (zinema proiekzioak, hiru dimentsiotako birtualtasunak, antzerki birtuala, hologramak, argi et soinu efektuak…), bisita hori Igartubeitiko interpretazio zentrora eta baserrira bertara doazenentzat esperientzia paregabea izan dadin.

Erakusketa zonak sei gune handi ditu eta gune horietan euskal baserrien mila urte baino gehiagoko historia aurkezten da. Igartubeiti baserriko familia eta auzotarren ahotsen bitartez, batez ere ibilbidearen zati handi batean gidari lanetan aritzen den Kattalin de Kortabarriaren ahotsaren bitartez, jakiten dugu nola handitu eta aldatu ziren antzinako baserriak, nola bizi ziren baserritarrak eta nola egiten zuten lana, nolako harremanak zituzten beraien artean, zertan sinesten zuten, zer ekoizten zuten, zer jaten zuten, nola dibertitzen diren eta zergatik sufritzen zuten. Hona hemen gune horien definizioak: IBILALDIA HISTORIAN ZEHAR; BASERRIAN BIZI; BASERRIAREKIN BUELTAKA; 1630: IGARTUBEITIKO BIZTANLEAK; BASERRIAN LAN EGIN.

Bisita egiteko jendeak ez du gidaririk behar, ibilbidean beste baliabide batzuk erabiltzen baitira: gidari birtualak, argiak, soinuak, etab. Aldi berean, jendeak ahal du erakusketaren baliabideak erabili ibilbide osoan. Dispositibo teknologikoak martxan jartzeko ardura duen pertsonak lagunduko du bisitan PDA-ren eta haririk gabeko teknologiaren bitartez aginduak emanez. Edukiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez adieraziko dira. Jendeak audiogida sistema bat izango du eskura, nahi duen hizkuntza aukeratzeko. Bisitak 45 minutu inguru irauten du.

Jendearen arretarako gunea:
Eduki horiez gain, jendeak informazio gehiago eskura dezake bere jakin-nahia asetzeko eta, horretarako, aisialdiko gunean ukimenezko pantailak banatu baitira informazioa emateko. Aldi berean, oroigarriak eros daitezke dendan eta sagardoa dastatu txotx gunean.

Hitz bitan, Igartubeitiko interpretazio zentroak Igartubeiti baserriak eskainitako edukiak osatu, sakondu eta gehitu egiten ditu erreferentziatzat euskal baserria hartuta eta, horretarako, orain arte mota horretako zentroetan erabilitako ikus-entzuteko teknologia berrienak erabiltzen dira. Igartubeiti Baserri Museoa erreferentea eta inflexio puntu bat izango da, bai sorkuntzari bai euskarri teknologikoei begiratuta.

Interpretazio Gunearen eraikitze lanak, Ramon Ayerza arkitektoaren proiektuarekin, 2003an hasi ziren eta 2006an amaitu. Aldi berean interpretazio gunearen edukiak sortzeko proiektu museologiko eta museografikoa egiteko mandatuari ekin zitzaion, K6 Kultur Gestioa enpresaren ardurapean geldituz. Vilaumedia enpresari proiektu museologiko eta museografikoaren ekoizpena esleiatu zitzaion 2006. urteko erdialdera; ekoizpena inguruko urbanizazio lanen amaierarekin eta picnic gunearen prestaketarekin bat egin du.

_______________________________________________________________________________


Gogora dezagun, bada, Igartubeiti Baserri Museoaren Interpretazio Zentro berriak EKAINAREN 23a, larunbata, irekiko dituela ateak.

2007KO UDAKO ORDUTEGIA
Asteazkena, osteguna, ostirala eta igandea: 10:00 - 14:30
Larunbatak: 10:00 - 14:30 / 15:30 - 19:30
Bisita gidatuak:
Asteazkenetik igandera: 11:00etan eta 12:30ean.
Larunbatetan: 11:00etan; 12:30ean eta 17:30ean

TARIFAK:
Egungo tarifak mantentzen dira irailaren 20ra arte.
Dohainik: ostegun guztietan.
Orokorra: 1,20 €
Murriztua: (ikasleak, taldeak, jubilatuak eta langabezian daudenak): 1,00 €
Dohainik, 10 urtetik beherakoak.
Bisita gidatuak: 1,00 €

KOKAPEN ETA HARREMAN DATUAK
Ezkio bidea, 1 Km. EZKIO-ITSASO
Telefonoa: 943 722978
igartubeiti@gipuzkoa.net
http//igartubeiti.gipuzkoakultura.net

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net