gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abuztuak 30, larunbata

gipuzkoakultura - ondarea

« Igartubeiti Baserri Museoaren itxiera | ondarea | Igartubeitiko Interpretazio Zentro berria »

Donostia, itsas hiria
2007/06/12

um02pe.jpg Duela aste batzuk aipatu genuen Untzi Museoak ateak itxiko zituela, erakustokiak berritu eta erakusketa iraunkor berria muntatzeko.

Bada, berrikuntza-prozesua amaitu du dagoeneko Untzi Museoak, eta ibilera berriari ekin dio erakusketa-planteamendu berriarekin, eta “Donostia, itsas hiria” izeneko erakusketa berriaren inaugurazioarekin.

Erakusketan erromatarren garaitik gaur egun ateko ibilbide bat egiten da Donostiako itsas historian barrena, eta urtebeteko iraupena izango du, 2007ko ekainaren 12tik 2008ko maiatzaren 28ra arte.

peque%F1a2.jpg Erakusketa honen garrantzia ageri-agerikoa da; izan ere, Donostiak oso eginkizun garrantzitsua izan du -eta eginkizun hori, zuzenean eta zeharka, Gipuzkoa osoari egokitu zaio azkenean- euskal eta europar itsas historian. Hauxe dugu Untzi Museoak hiriari egiten dion ekarpena, hogei urte inguruko ibilbidearen ondoren erakusketa espezifiko bat eskaini nahi izan baitio Gipuzkoako hiriburuari.

Gainera, kontuan izan behar da orain artean ez dela museorik izan, hiriak mendeetan zehar itsasoarekin izan duen loturari buruzko ikuspegi orokorra eskaintzera bideratutako erakusketarik antolatu duenik.




peque%F1as1.jpg Untzi Museoaren erakusketa iraunkor berria: Donostia, itsas hiria.
Moilen neurri txikiak ikusirik zail egiten da Erdi Aroaz geroztik XIX. mendea arte Donostian garatu zen itsas jarduera garrantzitsua imajinatzea. Izan ere, ikuspegi honetan ahantzi egiten dugu Donostiako portu espazioak bilbe bat osatzen zuela, eta bertan txertatuta zeudela badia, Santa Katalinako portua (Urumearen bokalean) eta Pasaia bera ere. XIX. mendearen hasiera arte, Pasaiako badiako portuko mugimendua Donostiaren kontrolpean egon zen, eta Pasai San Pedro ingurua hiriburuaren udalbarrutian sartuta gainera.

Partekatutako interesez eta gatazkez osatutako eszenatoki honetan itsasoari lotutako ekonomiaren gune bat finkatu zen, eta hainbat unetan garrantzi handia izan zuen Europa mailan. Eta eszenatoki horretan itsasoari lotutako lanbide sorta zabala garatuko zen. Itsas garraio eta merkataritza, alturako eta baxurako arrantza, baleak harrapatzea, ontzigintza, itsasoko gerrak eta kortsarioren jarduera izan ziren, hainbat mendetan zehar, Donostiako biztanle gehienen bizimodua. Banakako zein kolektibo gisako ahalegin horien baturak osatu du, ber argi eta itzal guztiez, hiriaren muin historikoa.

peque%F1a3jpg.jpg XIX. mendearen amaieran Donostiak sendotu egingo zuen bere alderdi turistikoa, itsasoarekiko eta merkataritzarekiko lotura tradizionala baztertuz bide batez. Arrantza suspertu egingo zen, ordea, baporea iritsi zenean eta, zailtasunez bada ere, mantendu egingo zen XX. mendean zehar. Gaur egun arrantza jarduerak aurrera segitzen du, duintasunez, ziurgabetasuna nagusi den etorkizunari begira.

Ontzi erromatarrak badian
Arkeologi aurkikuntzek ongi erakusten digute erromatarrak Donostian izan zirela.

Itsas garraioa eta merkataritza
Jatorri gaskoia zuten biztanleen ekarpenaz, Donostia Bizkaiko Golkoko merkataritzaren portu nagusietako bat izan zen Erdi Aroan zehar. Burdina eta artilea oinarri zituen merkatuaren dinamikak asko iraun zuen.

Baleazaleak
XVI. mendean asko zabaldu zen Ozeano Atlantikoaz bestaldeko balearen eta bakailaoaren arrantza. Pasaiako portua basetzat izanik, XVI. mendean Donostia mundu osoko baleazale gune nagusia izatera iritsi zen.

Ontzigintza
Euskal ontzigintzak nazioarte mailan zuen ospearen zati handi bat Donostia-Pasaia inguruko ontziolen lanean zegoen oinarrituta.

Hiri kortsarioa
XVII. mendean Donostia espainiar inperioko jarduera kortsarioaren gune nagusienetako bat izan zen.

Itsasoz haraindiko enpresak
XVIII. mendean Amerikarekiko merkataritzan ari ziren enpresen artean Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra nabarmendu zen, merkataritza jarduera eta kortsarioa bateratu zituen ontzidi sendo eta ahaltsu batez.

Turismo hiria
Hondartzako turismoa XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hasiera bitartean finkatuko zen, eta hiriaren itxura eta izaera eraldatuko zituen.

Arrantza portua
Arrantza da tradizio luzea dutenen artetik Donostian mantentzen den itsas jarduera bakarra. Zuzeneko ekarpen ekonomikoaz gain, oso kontuan hartu behar da hiriaren turismorako duen erakarmena ere, kultur eta nortasun erreferentzia izateaz gain, inolaz ere.



Donostia, itsas hiria
2007ko ekainaren 12tik 2008ko maiatzaren 28ra arte Untzi Museoan.
- Erakusketaren ordutegia:
Asteartetik larunbatera: 10:00 - 13:30 / 16:00 - 19:30
Igande eta jaiegunetan: 11:00 - 14:00
Astelehenean itxita
- Tarifak:
Bisita gidatuak eta programa didaktikoak (asteartetik ostiralera, adin guztietarako): 1€ laguneko.
Gidatu gabeko bisitak: Sarrera orokorra: 1,20€
Ikasle eta erretiratuak: 0.60
Sarrera doan 10 urtetik beherakoentzat
Osteguna, doako sarrera

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net