
gipuzkoakultura - ondarea
2007ko Museon Nazioarteko Eguna, Museoak eta ondare unibertsala lema duena, maiatzaren 18ko astean zehar ospatuko da mundu osoko museoetan. Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) gonbita luzatu die banakako kide eta erakunde-kideei aurten biziki parte har dezaten ospakizunean, ekitaldiak prestatuz –kontzertuak, dantza-ikuskizunak eta antzezlanak, edo gordailuetan dituzten arte-objektuen erakusketak-, eta museoak egun eta gauez irekiz eta doako bisitak antolatuz, ahal den neurrian.
Museoen Nazioarteko Egunak asmo handiko helburua du: museoetako bildumetarako sarbidea sustatzea, kultur aniztasunaren eta ondare unibertsalaren arteko harreman estua agerian jartzeko. ICOMen arabera, ondare unibertsala, bai naturala bai kulturala, museoetako bildumek osatzen dute, eta baita hauekin erlazionaturiko hitzaldi, ezagutza eta arte-adierazpenek ere, eta museoei dagokie ondare hori babestu eta sustatzea.. Laburbilduz, ICOMek mundializazioari emandako erantzuna zera da, ondarearekiko erantzukizun unibertsala bultzatzea, kultur adierazpen ezberdinak kontuan hartuz. Museoen Nazioarteko Egunean museoak bisitatzea, gizakion sormen anitzaren 40.000 urteen ospakizunean aktiboki parte hartzeko eta, beraz, ondare unibertsala babesten laguntzeko era bat da.
Donostiako kultura-ondarearen zati oso garrantzitsua dira hiriko museoak. Hori dela eta, herritarrei ondare hori erakusteko lehenbiziko ekimen bateratua aurkeztu dute hiriko zazpi museoek (Aquarium, Chillida-Leku, Elizbarrutiko Museoa, Museum Cemento Rezola, San Telmo, Untzi Museoa eta Zientziaren KutxaGunea). Asmoa hau da: gure hiriko museoen kultura-eskaintza erakustea gipuzkoarrei eta kanpotik bisitari datoztenei, eta haien kultura-eskaintzaren erakargarritasuna plazaratzea.
Giro berriak dabiltza herritarren aisialdi eta kulturan. Testuinguru horretan, kultura-eskaintza eta -jarduera askoren ardatz dira museook, guztiak ere gure hiria leku pribilegiatu egiten dutenak. Izan ere, betiko erakarmen turistikoaz gain, kultura-aukera ugari eskaintzen dizkiete museook herritarrei. Honenbestez, herritarrak sentsibilizatu eta Donostiako 'turista' bihurtu nahi dituzte. Beste hiri eta herrialde batzuetara joaten garenean, inon diren museo guztietara joan ohi gara. Zergatik ez gure hirikoetara?
Museoen Nazioarteko Egunaren aurkezpen bateratu hau aukera ederra da jarduera horien berri emateko, lankidetza berriei ekiteko, eta Donostiako museoetan dugun ondareaz eta aberastasunaz denok ohartzeko.
. Hemen duzu Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko Donostiako museo bakoitzak prestaturiko jardueren zerrenda.