
gipuzkoakultura - ondarea
« Maiatzak 18, Museoen Nazioarteko Eguna | ondarea | Gipuzkoako Artxibo Orokorraren 1466ko dokumentua Ayala Kantzilerrari buruzko erakusketan Gasteizen »
Urtero bezala, Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) maiatzaren 18a, Museoen Nazioarteko Eguna, ospatzeko gonbita luzatu die mundu osoko museoei, aurten “Museoak eta Ondare Unibertsala” lemapean.
ICOMen arabera, ondare unibertsala, bai naturala bai kulturala, museoetako bildumek osatzen dute, eta baita hauekin erlazionaturiko hitzaldi, ezagutza eta arte-adierazpenek ere, eta museoei dagokie ondare hori babestu eta sustatzea. Museoen Nazioarteko Egunean museoak bisitatzea, gizakion sormen anitzaren 40.000 urteen ospakizunean aktiboki parte hartzeko eta, beraz, ondare unibertsala babesten laguntzeko era bat da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko museoek, ohi bezala, egun berezi hau ateak denontzat zabalduz ospatuko dute; izan ere, Zumalakarregi Museoak, Ormaiztegin, doan izango baitu sarrera. Igartubeiti Baserria, berriz (Ezkio-Itsaso), asteburuan (maiatzak 20 eta 21) bisitatu ahal izango da doan. Untzi Museoa, bere areto ezberdinak berritzen eta ekainaren 12an inauguratuko den Donostia Itsas Hiria erakusketa prestatzen ari delako publikoari itxita egon arren, ez du egun hau ospatzeko aukera galdu nahi eta bat egin du ekimen honekin.
Museoek, beraz, hainbat ekintza prestatu dute egun honetarako:
- UNTZI MUSEOA
Untzi Museoak ez du egun hau ospatzeko aukera galdu nahi eta iniziatiba honekin bat egin du, maiatzaren 22rako, asteartea, honako ekitaldi hauek proposatuaz:
. “Donostia itsas hiria” kartel lehiaketako sari banaketa, 12etan: Goizez, “Donostia Itsas Hiria” kartel lehiaketako sari banaketa ospatuko da, zeinetan eskola ezberdinetako haurrek parte hartu duten. Museoko Hezkuntza Departamenduak izendatutako epaimahai batek, irabazlearen izena emango du jakitera egun honetan. Sari banaketaren ondoren, hamaiketako txiki bat egingo da lehiaketan parte hartu dutenekin eta bakoitzari oroimenezko opari txiki bat emango zaio.
. Ibilbide historiko-literarioa, Nagusilan abesbatzarekin, 17:30etan: Arratsaldez, Ibilbide historiko-literarioa antolatu du Portuan zehar, non “Nagusilan” Abesbatzako kideak izango diren laguntzaile. Abesbatza hau 22 gizon eta emakumez osatuta dago eta 55 urtetik gorako bolondresak dira guztiak. 2004. urtean sortu zen abesbatza eta helburua Egoitzatan eta Helduen Eguneko Zentroetan kantuen bidez giroa alaitu eta han daudenei bizitza entretenitzea da. Abesbatzaren zuzendaria Vineta Iglesias da.
Ibilbide historiko-literario hau 17:30etan hasiko da Portaletasen. Geroago Arrantzaleen lonjara, San Pedro Elizara eta Mariren omenezko monumentura joango dira eta ondoren antzinako Donostiako Itsas Kontsulatuarena izan zen Untzi Museoaren eraikinean bukatuko dute. Aipatutako lekuetan informazio historikoa emango da eta itsasoko gaiak dituzten abestiak interpretatuko dira. Hiriaz pixka bat gehiago ikasi eta itsasoak inspiratu dituen doinuez disfrutatu nahi duen orori zuzenduta dago ekimen hau.
- ZUMALAKARREGI MUSEOA:
Urtero bezala, Zumalakarregi Museoa Nazioarteko Museo Eguna prestatzen ari da ormaiztegiar umeentzat maiatzaren 18rako, ostirala, 16:30etan: Tirabira Ormaiztegin jolasa antolatu du. Umeak bi taldetan banatuta (karlistak eta liberalak), herriko plazan barrena ibiliko dira proben bila. Probak talde bakoitzeko espezialistek gainditu behar dute: artzainak gazta egin, sukaldariak patata tortila, bertsolariak bertsoa, eta abar. Horrez gain, galdera banari zuzen erantzun beharko diote proba gaindituko bada. Aurtengo gaia Ormaiztegiko historiaren ingurukoa izango da. Eta partaideek beraien herria benetan ezagutzen ote duten frogatu behar izango dute: noiz eraiki zuten Ormaiztegiko trenzubia? Zer azaltzen den Ormaiztegiko armarrian... Proba guztiak gaindituta, altxorraren bila hasiko dira taldeak, hiru pista aurkitu ondoren kofreetan zer gordetzen den deskubritu arte. Bi kofre daude, joko honetan ez baitu inork galtzen. Jokoa bukatuta, freskagarri bat hartuko dute.