
gipuzkoakultura - nere bulegotik
« Noviembre 2005 . 1ª Conferencia Internacional sobre Políticas Culturales | nere bulegotik | Tolosan, 750. urteurren bizi-bizia »
Oporretatik bueltan eta Donostiako Musika Hamabostaldiko azken txanpan murgildurik gaudenez, jaialdiaren ezaugarriak aztertu nahi ditut.
Urteak dira Jose Antonio Etxenike ezagutzen dudala, eta kultur kudeaketan gabiltzanoi jaialdi erraldoia antolatzeko darabilzkien irizpideak miatzea ondo etorriko litzaigukeela deritzot. Neronek ere asko ikasi diot eta.
Etxenikek, urtero, ildo edo ideia nagusiak bilatzen ditu jaialdiaren edukiak finkatzeko. Ihaz, adibidez, II. Mundu-Gerra bukaeraren 60. urteurrenaren ospakizuna bazen, aurten, berriz, Mozarten mendeurrena izan da. Bai, baina honekin batera Arriaga eta Donostiaren musika ere azaldu digu. Hemen garrantziko aldagarri bat agertzen zaigu: egitaraua finkatzeko garaian gure kalitatezko egileak kontuan hartzea. Nork pentsa lezake, esate baterako, Sir Neville Marrimerek Arriagaren Herminia izeneko kantata zuzen zezakeela Ainhoa Artetaren ahotsean?.
Bigarren ezaugarria: bertako interpreteen aldeko apustua. Ez dago Europan, maila honetako jaialdien artean, Hamabostaldiak bezainbeste etxeko musikari biltzen duenik.
Kalitatea da Jose Antonioren obsesioa, baina ederki asko daki bereizten horren eskakizuna. Horrela, leku, ziklo eta entzuleen araberako egitarau eta exijentzi maila ezberdinak eskatzen ditu. Arrunt diferentea baita GazteZikloaren parte hartzea, kaleko emanaldi batean edo solista gisa Kursaalen. Bereizketa hori publikori eta kritikari ere egiten irakatsi die.
Jakin-mina piztea da beste helburu nagusietako bat. Solista berriak ezagutaraztea, jiran dabiltzan musika taldeek errepertorio ezezagunena edo esfortzu berezia eskatzen duten partiturak jotzea eta publikoa askotan entzundako gaietatik urruntzea dira bere asmoak.
Adibideak: Gustav Mahler Jugendorchester, Claudio Abaddoren ardurapean sortu den gazte orkestraren aldeko apustua egitea, baina XX. mendeko musikagileen errepertorioa eskatzea eta A. Webern, A. Berg eta D. Shostakovichen musika eskaintzea.
Nola nahi ere, ez du jaialdia musikazale amorratuentzat soil-soilik prestatzen, entzulego berria ere lortu nahi baitu. Helburu hau betetzeko, aski ezaguna den errepertorioa eskaintzen du; Mozarten Requiema, adibidez; baina, horrekin batera, "MItridate, Re di Ponto", 14 urte zituela Mozartek sortu eta gutxitan entzun daitekeen opera ezagutarazi digu.
Aspaldidanik hedatu zen Hamabostaldia Euskalherriaren zehar, baina salbuespen hutsa ziruditen emanaldiak barreiatzen ari dira "Musika Aitzaki" ziklo horren bidez eta, aurten, Tolosa, Segura, Hondarribia, Getaria, Mutriku eta Lesaka egoitza berri bihurtu ditu.
Etxenikeren lan prozedura edo metodoaren beste ezaugarri batzuk: aurrekontuen kontrol zehatza: askotan beste jaialdiekin batera kontratazio edo ekoizpen bereziak gauzatzen ditu (Perelada, Jaca, Luzern). Etengabeko informazio bilaketa eta irakurketa (kanpoko jaialdi eta egitarauen edukiak eta partaideen azterketa, entzunaldiak, aldizkariak, kritikak). Musikaren ezagupen sakona eta euskal kulturaren balioespena.
Magia eta zorroztasunaren arteko dialektikaren bitartez, ospe handia duen eta interesa pizten duen jaialdiaren zuzendaria dugula ezin uka.