
gipuzkoakultura - nere bulegotik
Charles Sandisonen erakusketa zabaldu bezain pronto Josean Artzeren lanak etorri zitzaizkidan burura. Berandu xamar, apika. Izan ere, Sandisonen lanak atzerrian ezagutu nituenean, halako erakusketa erraldoi batean, bertan zeuden artisten arteko loturak egin banituen ere, ez nuen atzeman Sandisonen lanak Artzerekiko izan zezakeen parekotasunik.
Bai, askotan KOLDO MITXELENA Kulturunean kultur ekintzak asmatzerakoan, gure kezka nagusietako bat globalitate eta bertakotasuna uztartzea baldin bada; batzuetan, testuinguruaren ahalmenaz ez naizela jabetzen eta atzerritik nolabaiteko ikuspegi mugatuarekin ibiltzen naizela dirudi. Gutxiagotasun konplexuak menderatzen nauela edo kanpoko proposamenen lilurak eguneroko sentsibilitatea lusotzen didala dirudi. Nola nahi ere, akats honetaz jabetu eta arazoari buelta ematen saiatzen naiz.
Honetan, Sandisonen erakusketa osatzeko katalogoa prestatzen ari garen unean (KOLDO MITXELENA Kulturunean gauzatu dituen instalazioak sartu ahal izateko argitalpena atzeratu baitugu), Artzeren ikus-poemetan murgildu eta harritu egin naiz, berriro ere, Isturitzetik Tolosan barru izeneko bere lehenengo liburuarekin. 1969. urtean argitaratu zen. Argitalpenean (liburua, diska eta beste bitxikeriak) parte hartu zutenak (Frank Otsoa, Jose Luis Zabala, Luis M. Zulaika, Jose M. Zabala, Jose Luis Zumeta, Jabier Market, Fernando Larrukert, Mikel Forcada, Jabier Unzurrunzaga, Iñaki Nuñez, Mikel Garai, Joxe Anton Artze) hamaika proiekturen egile eta bultzatzaile izan dira. Poemak, diska, ibilaldia den aurkibidea, argazkiak, diseinua, dena xarma berezi batekin lotzen da. Modernitatearen ikurra izan zenak, teknologia berrien garaietan, ez du gaurkotasunik galdu.
Bai, Sandisonen katalogoan Joxe Anton Artzeren ikus-poemak sartu behar ditugu.