
gipuzkoakultura - nere bulegotik
Gasteizeko ARTIUMen den Aitor Ortizen erakusketa ikusi dut.
Aitorrek argazkia oinarritzat hartzen baldin badu beren lanak gauzatzeko erakusketa honetan argazkiekin batera eszenografiak pisu handia hartzen du. Paretetako kolore grisak eta argiztapenak sortzen duten giro berezian agertzen baitira argazkiak. Horietako batzuek ormak puskatzen dituzte eta gela erdian zaudelarik santutegi batetan zarela dirudi.
Ez da txantxetako zirrara bertan sentitzen duzuna, eta denbora aurrera doan heinean, artistak artearen garai luze bati buruzko ikasgai berezia eskaintzen dizula esango zenuke.
Harrobitan lanaren eraginez sortzen diren paisai berezi horien aurrean Caspar David Friedrich (1774-1840), margolariaren irudiak datozkizu burura eta, ustegabean, Oteizaren “hutsak” eta Chillidaren Tindayako proiektua. Bat-batean , argazki multzo txiki baten aurrean XX. mendeko abstrakzioa eta minimal art topatzen dituzu eta Aitorrek, ustez ahalegin berezirik egin gabe,bi mendeetako arte printzak eskaintzen dizkizula irudituko zaizu.
Nola nahi ere, galdera darabilkit buruan: zer motako eragina sor lezake giro berezi horretatik at argazki batek ? Arte feri batetan argazki bakar bat topatuz gero antzeko sentimenduak izango al genituzke?
Erakustareto eta zenbait museoen berezitasun azpimarragarriena geldotasuna da. Edozein irakurketa egiteko nahitaezko baldintza dena. Jarrai dezagun...