gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2010(e)ko martxoaren 21, igandea

gipuzkoakultura - nere bulegotik

« Aquí nos vemos, John Berger | nere bulegotik | La tempestad del Arriaga »

Bedatsearen zain belatzaren bizipoza
2006/03/13

mitxel etxekopar
Iparraldea Bertan! izeneko kultur zikloari hasiera eman zion, joan den ostegunean, Mitxel Etxekopar musikalari zuberotarrak, François Rossé piano-jole alsaziarren laguntzarekin.
Xumetasuna, alaitasuna, hurbiltasuna, dotorezia, sormena, lilura eta, bereziki, magia agertu ziren eszenatokian eta gu, bat-batean, hodeietan hegan genbiltzala konturatu gabe.

Txirulek eta pianoak bihotza dutela eta hegoalderantz abiatzeak zoriona dakarrela esan baldin baziguten; nik, belatzaren hegaldia irakurtzen dakienak jakinduria daukala dioen sinismena harrapatu nahi izan nuen.

Mitxelenagan txori ezberdinak, ur ttanttak, orroak, haizeak eta belarrak bizi dira. Ahots eta txirulen bidez guzti horiek agerrarazten ditu zuberotarrak eta, bitartean, Françoisek pianoaren barruko birikak eta sokak laztanduz inoiz izan ez diren soinuak sortzen ditu. Harrigarria tradizioari uko egin gabe sorkuntza garakaidean murgiltzeko darabilten teknika!

Isturitzeko leizean orain dela 20.000 urtetako txirularen kopiari atera zizkion hots eta soinuekin hunkitu ginela ezin ukatu.

Bukaeran, Gorka Arreseri Gara-ko Mugalarin irakurri nizkion iritziak bururatu zitzaizkidan: bai, Gorkak arrazoi osoa zuela uste izan nuen, guregan industria eta merkatua izango balira Mitxel Etxekopar arras ezaguna izango genuke eta Kursaaleko ganbara aretoan 400 lagun egongo ginateke mota horretako musika emanaldia entzuten. Nolanahi ere, guregan txantxetako gauza ez den sormen hori bideratzerik jakin izango bagenu…

Apirilaren 7, 8 eta 9an Gotaine Irabarnen eta Bildozen ospatuko den XIRU 17. urtea izeneko musika jaialdiaren egitaraua oparitu eta bertaratzeko gonbita luzatu zigun Mitxelek. Mila esker!

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2010 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net