
Museoen arloa beste zuzendaritza baten barruan dago, Kultura Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren barruan, alegia, eta Gipuzkoako Foru-Aldundiaren museoak kudeatzea du helburu. Horrez gain, Gipuzkoako Lurralde Historikoko museo publiko eta pribatuen kudeaketan laguntzen du subentzioen bidez, eta Foru-Aldundiko bilduma etnografiko eta artistikoak gestionatzen ditu.
Untzi Museoa Donostiako portuan dago, XVIII. mendeko bigarren erdialdeko eraikin batean. Antzina, aipatu eraikina Donostiako Itsasoko Kontsulatuaren (hiriko marinel eta itsas merkatarien taldea) lonja edo dorretxea zen. 1991 urtean zabaldu zen Untzi Museoa, Euskal Itsas Ondare material eta inmateriala berreskuratzen laguntzeko.
Museoaren bi solairu nagusietan iraupen luzeko aldi baterako erakusketak egiten
dira, gai monografikoak jorratzeko. Hauek aukeratzeko unean, historia eta kultur
mailan duten garrantzia hartzen da kontuan. Goiko solairuan neurri txikiagoko
erakusketak eta lantegi pedagogikoak egiten dira, eta Museoaren funtsak kontsultatu
nahi dituzten pertsonentzako liburutegi espezializatua ere bertan dago.
2008ko abenduaren 19tik 2010eko otsailaren 28a arte, "Euskaldunak
eta Pazifikoa. Andres Urdanetaren omenez" erakusketa
ikusi ahal izango da. Erakusketa honen helburua Ozeano Barean izandako euskal
presentziaren historia aditzera ematea da ezen, besteak beste, Filipinar uharteetan,
Japonen, Amerikako kontinenteko mendebaldeko kostalde inguruan eta Txina hegoaldeko
kostaldeko lurretan gauzatu zen.
Erakusketez gain, Museoak eutsi egiten dio bere lehen pausoetan jada finkatuta
geratu zen helburuari, honakoa baita: euskal itsas historia eta ondarearen
kontserbazio, azterketa eta zabalkundean laguntzea.
Horrez gain, beste hainbat aukera eskaintzen du: aldi baterako erakusketa txikiagoak antolatzen ditu, eta hezkuntza-zerbitzua du publiko mota guztientzat (bisita gidatuak, hezkuntza-programa iraunkorrak,- Haizearen arrosa, Elkano nora hoa?, Donostiako Ibilbide historiko literarioa…-, jarduera multisentsorialak, etab.)
Bestalde, museoak berezko argitalpenak ditu eta liburutegi espezializatua du edonoren eskura.
Zumalakarregi Museoa erreferentzia-gunea da XIX. mendeko Euskadiko historia eta gizartea ezagutu eta ikertzeko. Ormaiztegi herriko Iriarte Erdikoa etxean dago Museoa, Zumalakarregi familia bizi izan zen etxean, alegia.
Erakusketa iraunkorrak Zumalakarregi anaien biografiak ditu ikusgai, hots, Tomas jeneral karlistarena eta Miguel liberalarena. Horrez gain, Lehen Gerra Karlistako gertakariak ematen ditu ezagutzera, zeinak Antzinako Erregimenetik Liberalismora egindako trantsizio zail eta gogorrean gertatu ziren, Iraultza Frantsesa eta Bigarren Gerra Karlista arteko garaian. Honez gain, Zumalakarregi Museoak aldi baterako erakusketak eskaintzen ditu, bai Museoan bertan eta baita beste erakustoki batzuetan ere.
Bestalde, on line banatutako produktuen bidez Museoan bertan edo handik kanpo egin daitezkeen jardueren egitarau zabala du Zumalakarregi Museoak. Jolas eta bisitaldi gidatuak eskaintzen ditu hezkuntza-maila guztietarako, eta baita ibilbide didaktiko ugari ere (Zumalakarregi anaiak: jeneral karlista eta politiko liberala, Industrializazioaren hasmenta Euskal Herrian, Gerra eta Bakea, Burdinaren bideak, etab.). Gainera, Museoko osagarriak (erakusketa iraunkorra, ikus-entzunezko multimedia, lantegi elkarreragilea), eta hainbat joko (e-animazio jokoa, e-XIX. mendeko tribiala, Zumakit maletak, Tirabira Ormaiztegin, etab.) eskaintzen du, Museoaren historia jolasen bidez ezagutzeko. Berezko argitalpenak ere baditu, eta artxibo eta liburutegi espezializatua du jende guztiaren eskura.
Zumalakarregi Museoaren web gunea
Ezkio-Itsasotik oso gertu Igartubeiti baserria dago. Eraikin hau euskal baserriaren Urrezko Aroaren isla da, bai eta Gipuzkoa eta Euskadi osoko Lurralde Historikoko landa-arkitektura eta ingurunearen adierazle nabarmena ere.
Igartubeiti XVI-XVII. mendeetako baserri-dolarearen adibide bizi gisa berreskuratu dute, eta gure arbasoen bizimodu eta lanera hurbiltzen gaitu.
Baserria jende guztiarentzat dago zabalik, eta bisita gidatuen zerbitzua du. Horrez gain, baserriaren hedapena errazten duen interpretazio-zentroa du.
Igartubeiti Museoa Baserriak Sagardoaren Astea egiten du urtero, dolarea martxan jarriz eta sagardoa duela 500 urtetako teknikaren bidez eginez. Baserria espazio bizi izateko borondateak sagarra zanpatzeko jarduera adierazgarria errepikatzera eraman ditu Igartubeitiko arduradunak, XVI. mendeko baserritarren ohiko prozedura erabiliz, eta nahi duten lagunei zuzenean ezagutzeko aukera emanez.
XVI. mendeko egurrezko egitura martxan jartzeak, sagarraren usainak, lehen mostoaren lurrinak, duela mende askoko eguneroko jardueraren lekuko izateak… hunkigarri eta ahaztezin egiten du jarduera hau.
Igartubeiti Baserriaren web gunea
Gipuzkoako kultura eta industria-ondarearen adierazle garrantzitsuetarikoak burdinola hidraulikoak dira; Aiako udalerrian, Pagoetako parkean dagoen Agorregi, XVIII. mendeko monumentu-esparrua da, eta baita aprobetxamendu hidraulikoaren modu ezberdinen adierazle bikaina ere.
1985ean, burdinola eta errota batzuen berreskuratze proiektua hasi zuen Foru-Aldundiak. Erabateko errekuperazioari esker, burdingintza eta ale-ehoketarako energia hidraulikoaren erabilerak izandako garrantzia zuzenean ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.
Esparrua jende guztiarentzat dago zabalik, eta bisita gidatuak egin daitezke, taldeka edo banaka. Eskola-taldeentzako ere badu programarik, eskola-egutegiaren baitan bisita pedagogikoak burutu baitaitezke. Jendeak burdinolaren funtzionamendua ikusteko aukera izango du bertan egiten diren azalpenen bidez.
Agorregiko Burdinolaren web gunea