
gipuzkoakultura - liburutegiak
Uztailaren 6tik 10era zinemako burusoilik ezagunena izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekako zinema saioetako protagonista: Yul Brynner (1920-1985).
Errusian jaio zen, gerora Estatu Batuetako herritartasuna hartu zuen arren. Parisen ikasi zuen eta era guztietako lanak egin zituen (akrobata, gaueko klub bateko kantari...) antzerkian hasi eta maila handiko aktore bihurtu zen arte (Jean Cocteauk berak gainbegiratu zuen bere lana).
El rey y yo antzezlanarekin egin zen ezagun (4.626 bider egin zuen) eta azkenean lan hau zinemara eramateko ere aukeratu zuten. Lan honi esker, gizonezko aktore onenaren Oscar saria lortu zuen 1957an.
1950 eta 1960ko hamarkadetako aktore handietako bat izan zen. Odolean zuen arraza aniztasunari (aita errusiarra zen, baina jatorri suitzarra zuen) eta "kaskamotz" karismadunari esker, edozein lanetan ondo ematen zuen: egipziarra, mongoliarra, ekialdekoa, ijitoa...
Erretzaile porrokatua zen eta 1985. urtean hil zen, biriketako minbizaren eraginez.
Astelehenetik ostiralera, ondoko filmak eskainiko ditugu aktore hau gogoratzeko:
Astelehena 6: El rey y yo (1956), Walter Langena. Musikal honen bilbea aski ezaguna da: Erresuma Batuko irakasle bat Siameko erregearen etxera iritsiko da, seme-alabak hezitzeko. Hasieran, agerian geratuko da bien kultura eta ohituren arteko aldea, baina elkar errespetatzen ikasiko dute. Bi aktore nagusiek, Yul Brynner eta Deborah Kerrek, lan ezin hobea egin zuten.

Asteartea 7: Anastasia (1956). Anatole Litvakek zuzendu zuen; batzuen arabera, benetako gertakari batean oinarrituta. Komunistek familiarekin batera hil omen zuten Anastasia printzesaren antza handia duen neskato bat da protagonista. Inperioren aldekoek ahal duten guztia egingo dute mundu osoak Anastasia bizirik dagoela sinetsi dezan. Ingrid Bergmanek emakumezko aktore onenaren Oscar saria eskuratu zuen, neskatoaren azalean egindako lan bikainarengatik. Harekin batera aipatzekoak dira gure protagonista, Helen Hayes eta Akim Tamiroff.
Asteazkena 8: Salomón y la reina de Saba (1959). King Vidoren superprodukzio honek Israelgo errege Salomon eta Sabako erreginaren harremanaren historia du ardatz. Hemen bai, hemen ilea erakutsi zuen Brynnerek. Harekin batera aipatzekoak dira Gina Lollobrigida eta George Sanders.
Osteguna 9: Los reyes del sol (1963). J. Lee Thompsonek zuzendu zuen. Colonen aurreko ameriketan girotuta, tribuen arteko borrokak ditu ardatz. Lurraldean nagusitasuna lortzeko daude borrokan; baina tribuetako buruek badute borrokarako beste arrazoi bat: emakume baten maitasuna Aktoreen artean, aipatzekoak dira Yul Brynner, George Chakiris eta Shirley Anne Field.
Ostirala 10: La huella conduce a Londres (1969). Sam Wanamakeren film honetan, Estatu Batuetako zerbitzu sekretuak eta Scotland Yardek bat egingo dute, faltsifikatzaile talde arriskutsu bat harrapatzeko. Yul Brynner, Charles Gray eta Edward Woodward dira aktore nagusiak.
KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan ikusiko dugu elkar, ohi bezala, 17:30ean.