
gipuzkoakultura - liburutegiak
Ekainaren 8tik 12ra, "soslai perfektua" zuen aktore bati eskainiko dizkiogu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekako zinema saioak: Robert Taylor (1911-1969) izango dugu protagonista.
1930, 40 eta 50eko hamarkadetako Hollywoodeko aktore handi eta erakargarrienetako bat izan zen. Galai erromantikoa, westernetako gizona, zinema belikoa, abenturetakoa... garaiko izar nagusienetako bat izan zen. 60ko hamarkadan, ordea, bere arrakasta gain behera hasi zen. Gazte hil zen, 58 urterekin, biriketako minbiziaren ondorioz.
Bost film hautatu ditugu aktore karismadun hau gogoratzeko:

Astelehena 8: Sublime obsesión (1935). John M. Stahlen film honetako protagonistari bere ongilea -besteak laguntzean tematuta zegoen filantropoa- hil izana leporatu diote. Protagonista gaztea filantropoaren alargunarekin maiteminduta dago, baina honek ere erruduntzat du; gainera, alarguna itsu geratuko da istripu baten ondorioz, eta honen errua ere gaztari botako diote. Baina, gure protagonista egun batetik bestera aldatuko da eta guztiak harrituta geratuko dira, bereziki alarguna. Robert Taylor eta Irene Dunne dira protagonistak. Urte batzuk geroago Douglas Sirkek istorio bera kontatu zuen.
Asteartea 9: Margarita Gautier (1936). George Cukorek zuzendu zuen, Alejandro Dumasen La dama de las camelias oinarri hartuta. Margarita Gautier prostitutaren eta Armand Duvalen arteko hau zinemaren historiako maitasun istoriorik ezagunenetako bat da. Cukorrek, gainera, bikain islatu zuen XIX. mende erdialdeko Parisko giroa. Robert Taylor eta Greta Garbok lan gogoangarria egin zuten protagonisten azalean. Haiekin batera aipatzekoa da Lionel Barrymore.
Asteazkena 10: Ivanhoe (1952). Richard Thorpek zuzendu zuen Walter Scotten eleberria oinarri hartuta. Ricardo I.a eta Juan I.a usurpatzailearen Ingalaterran girotuta,Wilfred de Ivanhoe zaldunak ahal duen guztia egingo du bere erregearen erreskatea lortzeko. Izar bikainak biltzen dituen abentura film ederra: Robert Taylor, Elizabeth Taylor, Joan Fontaine eta George Sanders, besteak beste.
Osteguna 11: La novia salvaje (1955). Roy Rowlanden komedia honekin bikain pasako dugu: maitasuna, larru biltzaileak, predikatzaileak, indioak... entretenimendurako osagai guztiak ditu. Aktoreen artean, gure protagonistaz gain, aipatzekoak dira Eleanor Parker eta Victor McLaglen.
Ostirala 12: Desafío en la ciudad muerta (1958). John Sturgesek maisuki zuzendutako filma. Protagonista lasai bizi da sheriff lanean, gaizkile iragana alde batera utzita. Baina garai bateko gaizkidea azalduko zaio ezkutuan lurperatuta omen duen altxorra lortu nahian. Robert Taylor eta Richard Widmarken arteko duelu bikaina.
KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan ikusiko dugu elkar, ohi bezala, 17:30ean.