gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2010(e)ko otsailaren 9, asteartea

gipuzkoakultura - liburutegiak

« Robert Taylor | liburutegiak | Paulette Goddard »

Joseph L. Mankiewicz
2009/06/15

Joseph L. MankiewiczAurtengoa Joseph L. Mankiewicz zinema zuzendari handia jaio zeneko mendeurrena da. Horregatik, ekainaren 15etik 19ra bere film onenetako bost eskainiko ditugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan.

Gurasoak poloniarrak ziren, baina Europatik Estatu Batuetara emigratu zuten eta gure protagonista Pensilvanian jaio zen. Bere tokia zineman zegoela konturatu zenean, Europara jo eta gidoilari eta itzultzaile lanean hasi zen, bereziki Alemanian.

1929ean Estatu Batuetara bueltatu eta Hollywooden ibili zen gidolari. Irakurketarako zaletasunari eta prestakuntza sendoari esker, gidoi askotan parte hartu zuen eta elkarrizketen zorrostasunarekin gailendu zen.Ondoren, produktore izan zen eta, azkenean, zuzendari. Arrakasta zerrenda luzea eta ospe handia lortu eta zinemaren historiako handienetako bat bihurtu zen.

Ondoko filmak hautatu ditugu:

Astelehena 15: El castillo de Dragonwyck (1946). Zuzendariaren debuta izan zen melodrama. Nicholas van Ryn Dragonwyck gazteluan bizi da; gaixorik zegoen emaztea galdu berri du eta izter-lehengusina batekin ezkonduko da. Baina bien semea hiltzean, emazteak Nicholasekiko susmoak hartuko ditu... Gene Tierney, Vincent Price eta Walter Huston protagonistek lan bikaina egin zuten.

Carta a tres amigas

Asteartea 16: Carta a tres esposas (1949). Pozik ezkonduta bizi diren hiru lagunek laugarren baten gutun bana jasoko dute. Haietako baten senarrak berarekin ihes egingo duela esaten die eta, kezkatuta, zein izango ote den galdetzen diete euren buruei. Flashbacken bidez, hiru lagunen aurreko bizitza erakutsiko digu Mankiewiczek. Zuzendari onenaren eta gidoi onenaren Oscar sariak eskuratu zituen. Aktore talde bikainean aipatzekoak dira Kirk Douglas, Linda Darnell, Jeanne Crain eta Ann Sothern.

Asteazkena 17: Operación Cicerón (1952). Bigarren Mundu Gerraren norabidea aldatzekotan egon zen gertakari batean oinarritutako espioitza filma. Turkia alde guztietako espioien topagune da; haietako batek oso informazio garrantzitsua du nazientzat... Aktoreen artean aipatzekoak dira James Mason, Danielle Darrieux eta Michael Rennie.

Osteguna 18: Julio César (1953). Mankiewiczek maisuki zuzendu zuen William Shakespeareen klasikoaren moldaketa hau. Julio Césaren gorabeherak eta erailketa kontatzen duten filmen artean onenetakoa dugu. Aktore taldea ere, luxuzkoa: Marlon Brando, James Mason, John Gielgud, Louis Calhern, Edmond O'Brien, Greer Garson eta Deborah Kerr. Bost izendapen izan zituen Oscar sarietarako.

Ostirala 19: La condesa descalza (1954). Talentu hadiko dantzari eder batek arrakasta eta duintasunaren artean erabaki behar du. Beste behin agerian geratzen da Mankiewiczen maisutasuna. Aktoreei dagokienez, aipatzekoak dira Humphrey Bogart, Ava Gardner, Edmond O'Brien (bigarren mailako aktore onenaren Oscar saria), Valentina Cortese eta Rosano Brazzi.

KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan ikusiko dugu elkar, ohi bezala, 17:30ean.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2010 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net