
gipuzkoakultura - liburutegiak
Ekainaren 1etik 5era, kartzelaren inguruko filmei eskainiko dizkiegu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekako zinema saioak.
Gai honi buruzko hamaika film egin dira zinemaren historian eta horietako asko guztion gogoan geratu dira; batzuk, protagonisten lan bikainarengatik (Susan Hayward ¡Quiero vivir! filmean, Burt Lancaster El hombre de Alcatrazen...); beste batzuk, sekuentzia zirraragarriengatik (Spielbergen La lista de Schindler, esaterako). Edo zeinek ez du hainbat aldiz ikusi kontzentrazio-esparru batean girotutako filmen bat (Sturgesen La gran evasión, David Leanen El puente sobre el río Kwai edo John Hustonen Evasión o victoria). Era bateko zein besteko filmetako protagonistek, zikloaren izenburuak dioen bezala, askatasuna dute amets.
Ondoko bost filmak aukeratu ditugu:
Astelehena 1: El hombre de Alcatraz (1962), John Frankenheimeren film bikaina. Patioan txoritxo eri bat aurkitu duen preso bat da protagonista; hegaztiei buruzko liburuak ikertzen hasiko da eta ornitologo bikain bihurtuko da. Burt Lancaster dugu gizon honen azalean eta ondoko aktoreek ere lan bikaina egiten dute harekin batera: Karl Malden, Telma Ritter eta Neville Brand.
Asteartea 2: La casa de cristal (1972), urte horretako Urrezko Maskorra. Kartzeletako ustelkeria erakusten du Tom Gries zuzendariak; xantaia eta droga nagusi dira, eta alkaideak ezikusiarena egiten du. Aktore talde bikaina: Alan Alda, Vic Morrow, Clu Gulager eta Dean Jagger.
Asteazkena 3: El expreso de medianoche (1978). Alan Parkerek zuzendu zuen Oliver Stone-en gidoia oinarri hartuta. Estambulgo aireportuan atxilotutako Estatu Batuetako gazte bat da protagonista. Kartzela turkiar batean sartu dute kontrabandoan ibiltzeagatik eta bizipen izugarriak izango ditu; zenbait eszena oilo-ipurdia jartzeko modukoak dira. Brad Davisen oso lan ona egin zuen protagonistaren azalean; Bo Hopkins, Randy Quaid eta John Hurt ere ederki aritu ziren harekin batera. Soinu banda ere aipatzekoa da.
Osteguna 4: Fuga de Alcatraz (1979). Don Siegelek Alcatrazeko kartzelan bertan filmatu zuen. Benetako gertakari bat du oinarri, segurtasun handiko presondegi honetako hiru gizonen ihesa. Clint Eastwood dugu Frank Morris iheslariaren azalean, eta Patrick McGoohan presondegiko alkaiderarenean.
Ostirala 5: Cadena perpetua (1994). Frank Darabontek zuzendu zuen Stephen Kingen eleberria oinarri hartuta. Errugabe bati biziarteko kartzela zigorra ezarri diote, eta berriz ere agerian geratuko da kartzeletako ustelkeria, bereziki alkaidearena. Aktoreen artean, aipatzekoak dira Tim Robbins eta Morgan Freeman. Zazpi Oscar saritarako izendatu zuten filma.
KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan ikusiko dugu elkar, ohi bezala, 17:30ean.