
gipuzkoakultura - liburutegiak
Maiatzaren 4tik 8ra zinema beltzari eskainiko dizkiogu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekako zinema saioak.
Oso eduki adierazkor eta estilizazio bereizgarria izan ohi dute genero honetako filmek. Lengoaia eliptiko eta metaforikoa, giro goibela sortzeko argilunak, gaueko eszenak, giro hezea, pertsonaien izaera azpimarratzeko itzalak... dira zinema mota honen ezaugarri nagusietako batzuk.
Zinema beltzaz hitz egitean, hainbat aktore mitikoren izenak aipatu behar dira ezinbestean: Humphrey Bogart, Edgard G. Robinson, James Cagney, Lauren Bacall edo Gloria Grahame, ezagunenetako batzuk bakarrik aipatzearren.
Ziklo honetarako hautatu ditugun bost filmak gustuko izatea espero dugu:
Astelehena 4: Llamada a un asesino (1934). Chester Erskine dugu film honen zuzendaria. Epaimahai bateko presidenteak erabaki zail bat hartuko du erailketa batekin lotutako epaiketan; epaia aldatzeko presio asko jasan arren, tinko mantenduko da, antzeko beste kasu batean alaba nahasten duten arte. Aktoreen artean aipatzekoak dira Humphrey Bogart, Sydney Fox eta O.P. Heggie.

Asteartea 5: El extraño (1946), Orson Wellesena. Bizimodu lasai eta atsegina duen irakasle bat da film honetako protagonista. Galdeketa egin nahi dion detektibe bat azaltzean, ordea, bizitza korapilatuko zaio. Ezusteko amaierak zinema beltzeko klasiko onenetako bat bihurtu zuen film hau. Ondoko aktoreek ere filma goratu egiten dute: Edgard G. Robinson, Orson Welles eta Loretta Young.
Asteazkena 6: Callejón sin salida (1947). John Cromwellen klasiko honetan, soldadu ohi bat ikusiko dugu lagunaren hilketa argitu nahiean. Zeinek hil zuen? Zergatik? Aipatzekoa da Humphrey Bogart eta Lizabeth Scotten lana.
Osteguna 7: Atrapados (1948), Max Ophulsen film bikainetako bat. Banandu ondoren bizimodu berri bati ekingo dio protagonista gazteak, idazkari gisa; senar-ohi aberatsak, ordea, jazarri egingo du. Aktore talde bikaina du filmak, baina bereziki aipatzekoak dira James Mason, Barbara Bel Geddes eta Robert Ryan.
Ostirala 8: Atraco al furgón blindado (1950). Richard Fleischerrek zalantzan jartzen du lapurreta perfektua. Furgoneta blindatu bati egindako erasoan polizia bat eta bi lapur hiltzen dira; lapur taldeko buruak ihes egingo du, baina polizia atzetik joango zaio. Aktoreen artean aipatzekoak dira Charles McGraw, William Talman eta Adele Jergens, besteak beste. Hainbat urte geroago Atraco perfecto filma egiteko hau oinarri hartu zuela onartu zuen Stanley Kubrick handiak.
KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan ikusiko dugu elkar, ohi bezala, 17:30ean.