gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2010(e)ko otsailaren 9, asteartea

gipuzkoakultura - liburutegiak

« Spencer Tracy | liburutegiak | Jean Seberg »

Stanley Kubrick: orain dela 10 urte
2009/05/18

Stanley KubrickMaiatzaren 18tik 22ra, XX. mendeko zuzendari handienetako bat izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekako zinema saioetako protagonista: Stanley Kubrick.

Hamar urte dira zinemako maisu hau hil zela. 1928an jaio zen New Yorken, eta Harpendenen (Erresuma Batua) hil zen 1999an. Oso gaztetatik argazkilaritza, musika eta xakea ziren bere zaletasun nagusiak. Zaletasun hauek eragin nabarmena izan zuten bere filmetan, bereziki soinu bandetan, musika klasikorako joera nabarmena erakutsi baitzuen.

Film zerrenda laburra (16 film) du, baina beste askorena baino askoz finagoa. Hala ere, eta askotan izendatu zuten arren, ez zuen film edota zuzendari onenaren Oscar saririk lortu.

Ondoko filmak hautatu ditugu astelehenetik ostiralera zuzendari bikain hau gogoratzeko:

Astelehena 18: Teléfono Rojo, ¡volamos hacia Moscú! (1964). Sobietar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuen arteko harreman tirabiratsua ardatz duen komedia beltza. Estatu Batuetako jeneral ero batek hegazkin bonbaketariak bidali nahi ditu Moskura, eta beste batzuk gerra atomiko hori geldiarazten saiatuko dira. Peter Sellersen lanak aipamen berezia merezi du, hiru rol baititu film honetan; harekin batera aipatzekoak dira George C. Scott, Sterling Hayden eta Slim Pickens.

Asteartea 19: La naranja mecánica (1971). Anthony Burgessen eleberrian oinarrituta, Kubrickek maisuki kontatzen du bortxaketa, biolentzia eta Beethoven interes bakar dituen gazte bortitz baten istorioa. Malcolm Mc Dowellek lan borobila egin zuen protagonistaren azalean.

Asteazkena 20: Barry Lyndon (1975). Thackerayen eleberria zinemara eraman zuenean edertasun eta xehetasunez (barnealdeko grabazioak kandelen argiekin egin zituen) beteriko filma lortu zuen Kubrickek. Ryan O’Neal eta Marisa Berensonek ere lan bikaina egin zuten protagonisten azalean. Film eder honek lau sari lortu zituen Oscarretan. Film luzea denez, emanaldia 17:00etara aurreratuko dugu.

La chaqueta metálica

Osteguna 21: El resplandor (1980). Beldurrezko zinemaren maisulana, Stephen Kingen eleberrian oinarrituta. Bortizkeriazko iragan ilun bat ezkutatzen duen hotel bateko zaindari izateko lana onartu du Jack Torrancek negurako. Jack Nicholsonek ikaragarrizko lana egin zuen protagonistaren azalean, Shelley Duvallekin batera.

Ostirala 22: La chaqueta metálica (1987). Vietnamgo gerrari buruz inoiz egin den film bikainenetako bat. Sarjentu gupidagabe batek hiltzeko makina bihurtu nahi ditu bere gizonak eta entrenamendu gogor eta laidogarria erabiltzen du helburua lortzeko. Film bortiz, izugarri eta gogorra, baina era berean, oso gizatiarra, kritikariek aho batez txalotu zuten. Aktore taldea ere, bikaina: Matthew Modine, Adam Baldwin, Vincent D’Onofrio eta Dorian Harewood, besteak beste.

17:30ean ikusiko dugu elkar, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan, asteazkenean izan ezik. Barry Lindon film luzea denez, 17:00etan hasiko da.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2010 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net