
gipuzkoakultura - liburutegiak
Maiatzaren 11tik 15era Spencer Tracy izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekako zinema saioetako protagonista. Itxuraz on puska eta atsegina zen, baina izaera gogor eta zaila zuen. Hala ere, Hollywoodeko aktorerik handienetako bat izatera iritsi zen.
Oso ikasle bihurria zen eta hainbat eskolatatik bota zuten. Lehen Mundu Gerran, artean nerabe zela, AEBetako armadan izena eman zuen. Antzerkia izugarri gustatzen zitzaion eta gerra ostean lehen urratsak eman zituen aktore gisa. Zinemarako jauzia John Forden eskutik eman zuen eta berehalako arrakasta izan zuen.
Aktore onenaren bi Oscar sari eskuratu zituen elkarren segidan, 1937an Forja de hombres filmarengatik eta 1938an Capitanes intrépidosengatik. Beste askotan izendatu zuten Oscarrerako eta beste sari garrantzitsu batzuk ere lortu zituen: Urrezko Globoa, La Actrizen egindako lanarengatik (1953) eta aktore onenaren BAFTA saria, Adivina quién viene esta noche filmarengatik.
40ko hamarkadan, Katharine Hepburn ezagutu zuen, bere bizitzako emakumea. 25 urte eman zituzten elkarrekin, 1967an gure protagonista bihotzeko baten ondorioz hil zen arte; izan ere, Hepburnen besoetan hil zen.
Astelehenetik ostiralera ondoko filmak ikusiko ditugu:
Astelehena 11: Capitanes intrépidos (1937). Victor Flemingek zuzendu zuen Rudyard Kiplingen eleberria oinarri hartuta. Transatlantiko batetik erori den haur aberats baten istorioa du ardatz; arrantzale batek hartu eta bere bizitza goitik behera aldatuko du. Gure protagonistak aktore onenaren saria eskuratu zuen film honengatik, baina aipatzekoak dira ondokoak ere: Freddie Bartholomew, Lionel Barrymore eta Melvyn Douglas.
Asteartea 12: Conspiración de silencio (1954), John Sturgesena. Besoa galdu duen beterano bat Black Rock herrira iritsi da, gerran bizia salbatu zion gizonaren aitaz galdezka. Herritarrek oso jokaera bitxia erakutsiko dute eta sekreturen bat gordetzen dutela susmatuko du protagonistak. Spencer Tracy berriz izendatu zuten Oscar sarirako. Filmak aktore talde bikaina du: Robert Ryan, Lee Marvin, Ernest Borgnine eta Dean Jagger, besteak beste.
Asteazkena 13: Lanza rota (1954). Ohi ez bezala, western batean ikusiko dugu Tracy, Edgard Dmytryken esanetara. Arrantxo izugarri baten jabeak lan gogorra egin du urte askoan, arrantxoa gobernatzen; baina zahartzen denean, semeak arrantxoaz jabetzen saiatuko dira. Aktore talde antologikoa hemen ere: Spencer Tracy, Richard Widmark, Robert Wagner, Jean Peters eta Katy Jurado, protagonista gisa eta beste hamaika aktore bikain bigarren mailako roletan.

Osteguna 14: El último hurra (1958). John Forden zuzendu eta produzitutako film aparta. Ohitura zaharrak dituen politikari batek kanpaina egiteko era berriei aurre egin behar die. Gure protagonistaz gain, aipatzekoak dira, besteak beste, Jeffrey Hunter, Pat O’Brien, Dianne Foster eta Basil Rathbone.
Ostirala 15: Vencedores o vencidos (1961). Stanley Kramerek zuzendu eta produzitu zuen. Daniel Haywood epailearen azalean ikusiko dugu Spencer Tracy, Bigarren Mundu Gerran naziek egindako gehiegikeriak epaitzen. Aktore taldea ezin hobea da: Spencer Tracy, Burt Lancaster, Richard Widmark, Marlene Dietrich, Judy Garland, Maximillian Schell, Montgomery Clift eta beste asko.
KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan ikusiko dugu elkar, ohi bezala, 17:30ean.