gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2010(e)ko otsailaren 9, asteartea

gipuzkoakultura - liburutegiak

« Bigarren mailako aktore handiak | liburutegiak | Aste Santuko zinema »

Henry Fonda
2009/03/27

Henry Fonda Martxoaren 30etik apirilaren 3ra zazpigarren arteak eman duen aktorerik onenetako bat izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekako protagonista: Henry Fonda (1905-1982).

Oso aktore emankorra izan zen (113 film!) eta askotan saritu zuten bere lana; Akademiak, ordea, azken unerako gorde zituen gure protagonistak dituen bi Oscar sariak. Lehena, 1980an eman zioten, bere ibilbide osoarengatik; bigarrena, hurrengo urtean, ostiralean eskainiko dugun En el estanque dorado filmean egindako lanarengatik.

Henry Fonda Garaiko aktore asko bezala, Henry Fondak ere antzerkian eman zituen lehen urratsak, Dorothy Brandoren (Marlonen ama izango zena) eskutik. Ondoren New Yorkera joan zen eta James Stewart eta Margaret Sullavan ezagutu zituen. Hain zuzen, Margaret Sullavan izan zen bere lehen emaztea.

Laster hasi zen arrakastaz beteriko bidea. Peter Bogdanovich zuzendari handiak ondokoa zioen berari buruz: Henry Fondak zerbait esaten duenean, sinetsi egiten duzu... horixe da benetako izarren ezaugarria eta inork ez du Fondak baino agerikoagoa.

Zuzendari guztiek Fondarekin lan egin nahi zuten, edozein hartualdi erabateko naturaltasunez egiten baitzuen, errepikatu beharrik gabe. Behin zinema zer zen galdetu zioten John Ford handiari eta hauxe erantzun zuen: Ikusi al duzu Henry Fonda oinez?, bada, horixe da zinema.

Zorionez, Fonda abizenak zineman dirau, Jane eta Peter seme-alabei eta Bridget bilobari esker.

Martxoaren 30etik apirilaren 3ra, aktore karismadun honen ondoko filmekin gozatuko dugu fonotekan:

Astelehena 30: Las uvas de la ira (1940). John Fordek 1930eko Depresio Handiaren kontaketa gordina egin zuen, John Steinbecken eleberria oinarri hartuta. Zigorra bete ondoren, preso ohi bat etxera bueltatzen da; baina lurren jabetza kenduko diete eta familia osoak lan bila emigratu beharko du. Film gogor bezain bikain honetan egindako lanarengatik izendatu zuten lehen aldiz gure protagonista Oscar sarirako. Beste aktoreen artean aipatzekoak dira John Carradine eta emakumezko bigarren aktore onenaren Oscar saria eskuratu zuen Jane Darwell.

Asteartea 31: Pasión de los fuertes (1946). John Ford maisua berriz ere, western bikain batean. Wyatt Earp komisario ezagunaren eta Clantondarren artean OK Corralen izandako duelu enztutetsua du ardatz. Aktore taldea filmaren mailakoa da: Henry Fonda, Victor Mature (Doc Hollidayen azalean), Linda Darnell, Walter Brennan, Ward Bond, John Ireland, eta bigarren mailako beste aktore on asko.
Doce hombres sin piedad Asteazkena 1: Doce hombres sin piedad (1957). Sidney Lumeten debuta zineman. Akusatua absolbitu edo heriotzera kondenatu erabaki behar du epaimahai batek. Gizon baten bizitza 12ren esku dago. Hasieran, 11 kondenatzearen alde daude, baina bestea ez dator bat... Fonda Oscar sarirako izendatu zuten berriz ere. Gainontzeko aktoreen artean aipatzekoak dira Lee J. Cobb, E.G. Marshall, Ed Begley, Martin Balsam, Jack Warden eta Robert Webber.

Osteguna 2: El estrangulador de Boston (1968). Richard Fleischerek zuzendu zuen benetako gertakari batean oinarrituta. Robert De Salvo itxuraz bizimodu lasaia zeraman iturgin bat zen, baina 1962 eta 1964 artean 13 emakume ito zituen. Henry Fonda kasuaren ardura duen polizia-komisarioaren azalean ikusiko dugu eta Tony Curtis itotzailearenean. Aipatzekoa da George Kennedy, Murray Hamilton eta Sally Kellermanen lana ere.

Ostirala 3: En el estanque dorado (1981). Mark Rydellen film ederra. Henry Fondaren azken filma da eta aktore onenaren Oscar saria eman ziona. Ethel (Katharine Hepburn) eta Norman Thayer (Fonda) adineko senar-emazteak leku xarmangarri batean daude oporretan, eta bien alaba eta honen semea iritsiko dira haiekin egun batzuk pasatzeko. Agurea eta alaba ez dira inoiz ondo konpondu eta hasieran bilobarekin harremana ere ez da erraza. Hala ere, denborarekin txikiaren eta agurearen artean harreman berezia sortuko da. Fonda eta Hepburnek lan aparta egin zuten. Jane Fondak alabarena egin zuen, aitaren azken filmean.

KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan ikusiko dugu elkar, ohi bezala, 17:30ean.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2010 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net