
gipuzkoakultura - liburutegiak
Gregorio Mújica eta Ambrosio Zatarainen funtsetako XIX. eta XX. mendeetako 500 bertso paper inguru bildu berri ditugu Liburutegiko katalogoan. Laster, Antonio Zavalaren liburutegikoak ere bilduko ditugu.
Orri solte hauek garai hartako giroaren isla idatzia dira: nekazaritza giroa, gizarte eta kultura gertakariak (erregeen bisita, inauteriak...), euskara, apustuak, erlijioa... gaiak oso anitzak dira. Jendea entretenitu eta barre eginarazteko, edozein txokotan saltzen ziren eta arrakasta handia zuten; jendeak ikasi eta guzti egiten zituen.
Asko anonimoak izaten ziren arren, gure funtsetan izen ezagunak ditzakegu: Patxi Erauskin, Bilintx, José Vicente de Echegaray, Eusebio Mugertza, Txirrita, Iparragirre...
Liburutegiko katalogoan "bertso paperak" hitzak bilatuta aurkituko dituzue guztiak. Askotan izenburuak orokorregiak direnez (bertsoac, bertso berriac, bertso zaharrak…), ohiko datuez gain, bertsoaren lehen bi lerroak ere idatzi ditugu, elkarren artean bereizteko.
Laster bertso paper hauek zaharberritu eta digitalizatuko ditugu, erabiltzaileek klik bakarrean ikusi ahal izateko.