
gipuzkoakultura - liburutegiak
« KOLDO MITXELENA Kulturuneko Liburutegiaren webgune berria | liburutegiak | El Cántabro, klik bakarrean »
Antonio Zavalaren (Tolosa, 1928ko urtarrilaren 23a - Xabier, 2009ko urtarrilaren 2a) dokumentu ondarea katalogazio prozesuan dago, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Liburutegiko ikertzaileen esku jarri ahal izateko.
Antonio Zavala 1928. urtean jaio zen Tolosan. Bertako Jesusen Bihotzeko Anaien eskolan egin zituen lehen ikasketak eta Eskolapioetan batxilergoa. 1945ean Loiolako Jesusen Lagundian sartu zen. Jesulagunen zentroetan eskolak eta eta hitzaldiak eskaini, eta artikulu, hitzaurre eta liburuak idatzi zituen. Horretaz gain, bertsolari txapelketa askotako epaimahaikide izan zen. Filosofia, Magisteritza eta Teologia ikasketak egin zituen eta herri literaturarekin zaletu zen.
1961ean Auspoa bilduma sortu zuen. Geroztik, 300dik gora liburu argitaratu dira; guzti-guztien egilea izan ez bazen ere, bultzatzaile, biltzaile eta argitaratzaile izan zen. Bertsoei buruzko bilduma nagusiaz gain, bertsolarien bizitza eta lanei buruzko monografikoak ere argitaratu zituen. Besteak beste, Txirrita, Pello Errota, Pedro M. Otaño, Xenpelar eta Bilintxi buruzkoak. Gure herri literaturak asko zor dio, material asko berreskuratu eta bildu duelako, beti iturriak errespetatuz.
2009ko urtarrilaren 2an hil zen Xabierren, 80 urte zituela.
Dohaintza
Biltzaile nekaezina zen, beraz. 2005ean, dokumentu baten bidez, urtetan zehar bildutako ondarearen dohaintza egin zion Gipuzkoako Foru Aldundiari, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Liburutegian ikertzaileen esku jarri ahal izateko.
Dokumentu funts interesgarri eta zabala (150 kaxa) da, zinez: liburuak, egunkari-zatiak, argazkiak, zintak, bertso paperak, herri kulturaren esku-orriak, eta argitaratutako 300dik gora liburuen dosierrak.
Erabiltzaileen esku jarri aurretik, materiala katalogatzen ari dira liburutegiko adituak.