gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko irailak 5, ostirala

gipuzkoakultura - liburutegiak

« Roy Scheider | liburutegiak | Zinemako klasikoak (5) »

Zenbakiak baino gehiago
2008/04/02

Koldo Mitxelena Kulturuneko sarrera Batzuentzat estatistikak zenbaki hotz hutsak dira. Baina, berez, hori baino gehiago dira. KOLDO MITXELENA Kulturuneko Liburutegiko 2007ko estatitikak aztertuta, esaterako, erabiltzaileen zaletasunak ezagutu ditzakegu, haien beharretara moldatzeko.

2007an, milioi erdi bisita baino gehiago izan dira Liburutegian; hau da, orduro 160 bisitari. Eta guztira, 135.000 dokumentu mailegatu dira. Baina zer nahiago dute bisitari hauek? Zer da nagusi mailegu horietan? Bada, zenbakiek esaten digute: ikus-entzunezko dokumentuek gero eta indar handiagoa dute, liburutegi hitzari izena ematen dioten liburuen aurretik. Orduro erabiltzaileek 17 liburu, 16 bideo eta 6 CD hartu dituzte maileguan.

DVD maileguak gora egin du azken urteotan. Erabiltzaileek zinema filmak aukeratzen dituzte batik bat; horren harira, KOLDO MITXELENA Kulturuneak 2008an Fonoteka berritzea aurreikusi du erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzearren.

Liburu maileguaren estatistikei dagokienez, literatur liburuak dira gehien mailegatu direnak eta, hauen artean, narrazio-generoa nabarmendu da literatur genero guztien artean. Euskarazkoetan, literaturaz gain, aipatzekoa da hizkuntzalaritzarekin zerikusia duten lanen mailegua ere.

Erabiltzaile bat ordenagailu eramangarria erabiltzen Koldo Mitxelena Kulturuneko infotekan Mailegu eta kontsulten eskariari erantzuteko, dokumentu berriak eskuratzen ditugu etengabe. 2007an 12.000 dokumentu inguru katalogatu genituen, 2006 baino 2.000 gehiago.

Eta gainontzeko zerbitzuak? Hemerotekan 35.000 kontsulta egin dira; hau da, sei minututik behin, areto honetan eskaintzen diren argitalpenetako bat kontsultatu da. Azpimarragarria da, gainera, ordenagailu eramangarrien mailegu zerbitzua 30 minuturo erabili dela 2007an; guztira, 7.500 ordenagailu utzi dira maileguan. Zerbitzu hau duela bi urte baino gehiago jarri zen martxan, eta estatistikek diotenaren arabera, gero eta arrakasta handiagoa du erabiltzaileen artean.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net