
gipuzkoakultura - liburutegiak
Eliz-musika lagun izan dugun Pazko astea pasata, zinemara bueltatuko gara, otsailean hil zen Roy Scheider aktorea omentzeko.
Akaso ez zen bera bezala berriki hil den Richard Widmark -honi ere ziklo bat eskainiko diogu laster- bezain aktore karismaduna izan, baina hainbat film txukunetan parte hartu zuen eta bi aldiz izendatu zuten Oscar sarietarako. Spielbergen Tiburón film entzutetsuan marrazo izugarria lehen aldiz ikusi zuenean esan zuen esaldia zinemaren historiara pasa da: "Itsasontzi handiagoa beharko duzu ".
Martxoaren 31tik -astelelehena- apirilaren 4ra -ostirala- KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan eskainiko dizuegun zikloa gustukoa izango duzuelako uste osoa dugu:
Astelehena 31: The French Connection (1971), William Friedkinena. New Yorken girotuta, drogaren aurkako borroka du ardatz. Aktoreen artean aipatzekoak dira Gene Hackman (Aktore onenaren Oscar saria) eta Fernando Rey. Roy Scheider bigarren mailako aktore onenaren sarirako izendatu zuten.
Asteartea 1: Tiburón (1975). Asko idatzi da Steven Spielbergen film honi buruz. Efektu bereziez gain, aipatzekoak dira hiru protagonistak: Roy Scheider, Robert Shaw eta Richard Dreyfuss.
Asteazkena 2: Marathon Man (1976). John Schlesingerek zuzendu zuen kezka eta tentsioa bikain matentzen duen thriller hau. Scheiderrez gain, aipatzekoak dira Laurence Olivier eta Dustin Hoffman.
Osteguna 3: All that jazz (Empieza el espectáculo). Bob Fossek zuzendu zuen 1979. urtean. Lau Oscar sari eta Canneseko urrezko palmondoa eskuratu zituen film musikal bikain honek. Ikuskizunen munduko gorabeherak kontatzen ditu, koreografo gupidagabe baten bizitzaren bidez. Roy Scheider bikain dabil pertsonaia honen azalean; bere aktore ibilbideko lanik onena hauxe dela esan daiteke. Lan honengatik ere izendatu zuten Oscar sarietarako, baina oraingoan ere ez zuen sari preziatua lortu. Jessica Lange dugu film honetan gure protagonistarekin elkarlanean.
Ostirala 4: El trueno azul (1982). John Badhamenek zuzendu zuen film hau. Hormen atzean dagoena ikusteko aukera eskaintzen duen helikoptero bati zor dio izenburua. Ez dirudi, ordea, helikopteroak eskaintzen duen teknologia berri hori diseinatutako helburuetarako erabiliko denik. Malcolm McDowell dugu gaiztoaren rolean. Warren Oatesen lana ere aipatzekoa da.
Fonotekan ikusiko dugu elkar, ohi bezala, 17:30ean.