
gipuzkoakultura - liburutegiak
Duela urte bete film musikalei buruzko lehen zikloa eskaini genuen KOLDO MITXELENA Kulturunean. Film musikal ederrenetako bost eskaini genituen eta gure ikusleen artean sekulako arrakasta izan zuten. Hori dela eta, zinema mota honi beste aste bat eskaintzea erabaki dugu.
Martxoaren 3tik 7ra zinemaren historian merezitako tokia duten bost film klasiko eskainiko ditugu, ohi bezala, 17:30ean Fonotekan.
Astelehena 3: El gran Ziegfeld (1936). Robert Leonardek zuzendutako film hau zazpi Oscar saritarako izendatu zuten. Hiru lortu zituen, film onenarena barne. Florenz Ziegfeld showman handiaren istorioa kontatzen du. William Powellek egiten du protagonista lana eta, gainontzeko aktoreen artean, aipatzekoak dira Myrna Loy eta Luise Rainer.
Asteartea 4: Levando anclas (1945). George Sidney dugu film honen zuzendaria. Gene Kellyren koreografia bikainak azaltzen dira eta marrazki bizidun bat hezur-haragizko pertsona batekin dantzan azaltzen den lehen filmetako bat da (Jerry sagua, zehazki). Baimen-egunetan Hollywooden dabiltzan bi marinelen istorio erromantikoa du ardatz. Bost Oscar saritarako izendatu zuen eta soinu banda onenarena eskuratu zuen. José Iturbi orkestra zuzendari gogoangarriarekin batera, aipatzekoak dira Gene Kelly, Kathryn Grayson eta Frank Sinatra.
Asteazkena 5: Un americano en París (1951). Vincente Minnellik zuzendu zuen George Gershwinren musika zoragarria duen film bikain hau. Gerraosteko Parisen girotuta, lurrin-denda bateko saltzaile batekin maitemintzen den pintore baten istorioa kontatzen du. Sei Oscar sari eskuratu zituen, film onenarena barne. Aipatzekoa da Gene Kelly eta Leslie Caronen lan gogoangarria.
Osteguna 6: La bella de Moscú (1957). Rouben Mamoulianek zuzendu zuen Greta Garbo ahaztezinaren Ninotchka entzutetsuaren moldaketa musikala. Cole Porteren kanta bikainak eta Fred Astaire eta Cyd Charisseen aparteko lana dira filmaren beste osagai nagusiak.
Ostirala 7: Fama (1980). New Yorkeko Arte Goi Eskolan, ikuskizunen munduan aritzeko aukera baten bila dabiltzan ikasle talde baten lana, pozak eta penak kontatzen ditu Alan Parkerek film honetan. Sei Oscar saritarako izendatu zuten eta soinu banda onenarena eta abesti onenarena eskuratu zituen. Geroago, filmak bezala arrakasta handia izan zuen telesail bat egin zen filmeko aktore batzuekin. Filmean aipatzekoak dira Irene Cara, Gene Anthony Ray eta Lee Curreri.