
gipuzkoakultura - liburutegiak
Otsaileko azken astean Frantziako zinema zuzendari handienetako bat gogoratuko dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan: François Truffaut.
Bizitza gorabeheratsua izan zuen arren (jaio eta urte askora ezagutu zuen aita, ikasle txarra zen, lapurretan ibiltzeagatik atxilotu zuten, armadan izen eman eta desertatu zuen...) txikitatik irakule eta zinemazale sutsua izan zen. Ordu asko pasatzen zituen zineman, baita eskolan behar zuenean ere.
Roberto Rosellini maisuaren laguntzaile lanetan ibili ondoren, filmak zuzentzen hasi zen gure asteko protagonista. Los cuatrocientos golpes filma Frantziako zinemako mugimendu garrantzitsuenetako baten abiapuntu izan zen: Nouvelle vague delakoarena, hain zuzen. Bere film zerrenda interesgarriak hainbat sari eman zizkion; Atzerriko film onenaren Oscar Saria ere eskuratu zuen 1973 urtean, La noche americana filmarekin.
Bere film batzuetan asktore gisa ere azaldu zen; baita Steven Spielbergen Encuentros en la Tercera Fase filmean ere. Truffautekin lan egin zuten aktoreen artean aipatzekoak dira bere ikono Jean-Pierre Léaud, Charles Denner, Gérard Depardieu, Charles Aznavour, Fanny Ardant, Catherine Deneuve, Jacqueline Bisset, Isabelle Adjani, Françoise Dorleac eta Jeanne Moreau.
Otsailaren 25etik 29ra zuzendari handi honen bost film eskainiko ditugu, ohi bezala 17:30etik aurrera.
Astelehena 25: Los cuatrocientos golpes (1959). Antoine Doinel pertsonaiaren lehen filma. Jean-Pierre-Léaud dugu protagonista, gurasoen arteko arazoengatik etxean giro itogarria bizi duen haur baten azalean. Bizitzak kolpe asko emango dizkio eta berak noizbait itsasoa ikustea izango du amets. Film honekin Truffautek zuzendari onenaren saria eskuratu zuen Cannesen.
Asteartea 26: Tirad sobre el pianista (1960). David Goodisen polizia-eleberrian oinarritutuako filma. Truffaut genero honetan murgiltzen da zinema beltzari omenaldia egiteko. Charles Aznavour dugu protagonista piano-jotzaile ezagun baten azalean.
Asteazkena 27: Fahrenheit 451 (1966). Ray Bradburyren eleberri futuristaren moldaketa bikaina. Paperak su hartzen duen tenperatura aipatzen du izenburuak, izan ere, hala suntsitzen dituzte filmean "liburu debekatuak".
Osteguna 28: Besos robados (1968). Film honetan berriz azaltzen zaigu Antoine Doinel. Istorio honetan, armadatik bota dute protagonista gazte hau. Lana lortzeko arazoak ditu, eta hotel batean aritu ondoren, detektibe lanetan hasiko da. Hemen ere Jean-Pierre Léaud dugu protagonista.
Ostirala 29: El último metro (1980). Bigarren Mundu Gerran, naziek hartutako Parisen, girotutako filma. Gestapok jazartzen duen antzerki zuzendari judutar bat dugu protagonista. Antzerkiari omenaldi bikaina egiten dio Truffautek, xehetasun guztiak bikain deskribatuz. Filmak eta protagonistek (Gérard Depardieu y Catherine Deneuve) hamaika sari eskuratu zituzten.