
gipuzkoakultura - liburutegiak
Gaur egun zinema beltzak zale asko ditu, hainbat zuzendari handik bikain sortutako giro heze eta iluneko eszenak direla eta. Estatu Batuetan garatu zen 1940 eta 1950eko hamarkadetan. John Hustonen El halcón maltés (1941) filma hartzen da zinema mota honen abiapuntutzat.
Urtarrilaren 7tik 11ra, zinema honetaz gozatzeko aukera izango dugu, 17:30ean KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan ondoko filmak eskainiko baititugu:
Astelehena 7:¿Ángel o diablo? (1945). Otto Premingerek zuzendu eta ekoitzi zuen film honetan, ibilbide osoa egiteko dirurik ez duela eta, autobusetik jaitsi behar duen gizon baten istorioa ikusiko dugu. Hala, herri batera iritsiko eta abentura zirraragarriak biziko ditu bertan. Alice Faye, Dana Andrews eta Linda Darnell ditugu portagonista.
Asteartea 8: Arco de triunfo (1948). Lewis Milestonek zuzendutako film honetan, zirujau austriar bat Parisen dabil 1938 urtean Gestapoko kide garrantzitsu baten bila. Aktore talde bikaina du, bereziki, Ingrid Bergman, Charles Boyer eta Charles Laughton.
Asteazkena 9: Yo creo en ti (1948). Henry Hathaway dugu egiazko gertaera batean oinarritzen den film honetako zuzendari. Egin ez duen krimen batengatik kondena betetzen ari den pertsona baten amak dirua aurreztuko du benetako erruduna aurkitzen duenari ordainsaria eskaintzeko. Aktoreen artean aipatzekoak dira James Stewart, Richard Conte eta Lee J. Cobb.
Osteguna 10: Vorágine (1949). Otto Premingerek maisuki zuzendutako fim honek aktore talde bikaina du: Gene Tierney, Richard Conte, José Ferrer eta Charles Bickford. Kleptomaniaren ondorioz izugarri sufritzen duen emakume baten istorioa kontatzen du.
Ostirala 11: Deseos humanos (1954). Fritz Lang maisuak zuzentzen du desleialtasun, xantaia eta erailketei buruzko film hau. Osagarri hauek dira, hain zuzen, zinema beltzaren oinarria. Aktoreen artean aipatzekoak dira Gloria Grahame, Glenn Ford eta Broderick Crawford.