
gipuzkoakultura - liburutegiak
Toki askotan ospatu dute Simone de Beauvoir (1908ko urtarrilak 9 - 1986ko apirilak 14) jaio zeneko mendeurrena. KOLDO MITXELENA Kulturuneko liburutegian ere bere hainbat lan bildu ditugu, erabiltzaileek ikusi eta irakurtzeko. Lehenengo solairuko erakustokian aurkituko dituzue.
Simone de Beauvoir Parisen jaio zen, familia burges batean, eta katolizismoan hezi zuten. Oso gaztetan aurre egin zion inposatutako hezkuntza horri eta filosofia ikasi zuen La Sorbonne unibertsitatean. Bertan ezagutu zuen Jean Paul Sartre eta bikote harreman aske eta modernoa hasi zuten, askotan, garaiko pentsamolderako eskandaluzkoa ere zena.
Frantziako hainbat hiritan filosofia irakasle izan zen. Baina Paris alemaniarrek hartuta zeukatela, hezkuntza utzi eta idazteari ekin zion. Frantziako erresistentziako kide ere izan zen. Garai honetan argitaratu zuen bere lehen nobela, L'invitée (Gonbidatua) (1943), askatasunari eta gizabanakoen betebeharrei buruzkoa. Gai hau beste hainbat lanetan ere landu zuen, besteak beste, Le sang des autres (Besteen odola) (1944), eta Les Mandarins (Mandarinak)(1954) liburuetan. Azken honi esker Goncourt sari entzutetsua eskuratu zuen.
Gerraren ondoren, Les Temps Modernes Sartrek zuzentzen zuen aldizkarian idatzi zuen eta 1949 urtean Le Deuxiéme Sexe (Bigarren sexua) argitaratu zuen; bertan mendebaldeko emakumearen zeregina aztertu zuen, historia, filosofia eta politika ikuspegitik. Aste bakarrean 22.000 ale baino gehiago saldu ziren.
Garai hartan beste maitasun harreman batzuk izan zituen, Sartre Dolores Vanetti aktorearekin baitzebilen. Baina harreman hau eten eta Sartre gaixotu zenean, Simone de Beauvoirrek Sartre zaintzen geratzea erabaki zuen, hil arte. 1970 urtean, La Vieillesse (Zahartzaroa) argitaratu zuen, zahartze prozesua aztertu eta gizartearen jarrera kritikatzen duen saiakera. Sartre hil ondoren (1980), La Cérémonie des adieux (Agurraren zeremonia) (1981) argitaratu zuen, hari gorazarre egiteko.
Baina izenburu hauek bere lanaren zati bat baino ez dira. Liburutegiko lehen solairuko erakustokian gehiago aurkituko dituzue.