
gipuzkoakultura - liburutegiak
Richard Harris (Limerick, Irlanda, 1930) errugbian ibili zen gaixotasun baten ondorioz utzi behar izan zuen arte. Osatu zenean antzerkian aritu zen eta, ondoren, zineman. Arrakasta handia lortu zuen eta bi aldiz izendatu zuten Óscar sarirako.
Era askotako lanak egin zituen zineman: gizon gogorrarenak (Los cañones de Navarone, Rebelión a bordo...), historikoak (Cromwell, Arturo Erregea Cameloten, Marco Aurelio enperadorea Gladiatoren...), westernak (Mayor Dundee, Un hombre llamado caballo, Bob ingelesa Sin Perdón filmean...) eta baita samurtasunez beterikoak ere, Harry Potteren lehen bi filmetan, Albus Dumbledore Hogwarts magia eskolako zuzendariaren rolean, esaterako. Lan hau ez zuen egin nahi, baina bere bilobak erregutu zion eta onartu zuen. Harry Potterren bigarren filma egin eta bi hilabetera hil zen, 72 urte zituela.
Urtarrilaren 22tik 25era, 17:30ean aktore bikain honen lau film eskainiko ditugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko fonotekan.
Asteartea 22: El ingenuo salvaje (1963). Lindsay Andersonek zuzendutako film honek errugbi jokalari batek Ingalaterrako meatzari herri batean bizi dituen abenturak ditu ardatz. Lan honengatik aktore onenaren Oscar sarirako izendatu zuten Harris. Rachel Roberts eta Glenda Jacksonek ere lan bikaina egiten dute.
Asteazkena 23: Mayor Dundee (1965). Sam Peckinpahren film bikaina. Mayor Dundee (Charlton Heston) haur batzuk bahitu dituen indiar talde baten atzetik dabil, preso konfederatu talde baten laguntzaz; laguntza hori lortzeko askatasuna eskaintzen die. Charlton Heston eta Richard Harrisen arteko duelu bikaina. Gainontzeko aktoreek oso ondo laguntzen dituzte (James Coburn, Jim Hutton, Warren Oates eta Senta Berger).
Osteguna 24: Cromwell (1970). Ken Hughes da film historiko honen zuzendaria. XVII. mendeko Ingalaterran girotuta, Carlos I erregea eta Oliver Cromwellen arteko borroka du ardatz, azkenean erregeari burua moztu eta Cromwellen errepublika ezarriko da. Richard Harris eta Alec Guinness bikain ari dira film honetan.
Ostirala 25: Un hombre llamado Caballo (1970), Elliot Silversteinena. Gure aste honetako protagonistak lan ahaztezina egin zuen indiarrek bahitutako aristokrata baten rolean. Beraiengandik asko ikasi eta, azkenean, haietako bat bihurtzen da.