
gipuzkoakultura - liburutegiak
Askotan bizitza gurpil bat da, itsasotik lurrundutako ura euriaren bidez itsasora bueltatzen denean bezala. Liburuen munduan ere badugu horren adibiderik: zenbait idazlek liburutegian egiten dituzte liburuak idazteko ikerketa lanak, eta gero, ikerketa horren emaitza diren liburuak liburutegietan aurkitzen ditugu.
Hori da, adibidez, bigarren eleberri historikoa plazaratu berri duen Iñaki Biggi donostiarraren kasua. El Diario Vascon egindako elkarrizketa batean, liburuak idazteko informazioa, besteak beste, KOLDO MITXELENA Kulturuneko liburutegian biltzen duela azaltzen du El Santuario eta La fórmula Stradivarius liburuen egileak. Beraz, gure apaletan ikertzen du eta gure apalek bere lana biltzen dute.
Edozein liburutegi harro egon liteke informazio iturri izateaz, eta idazle donostiar hau gurean izatea ez da gutxiagorako. Gu bisitatzen jarraitzera gonbidatzen dugu eta argitaratu berri duen La fórmula Stradivarius eleberriarekin arrakasta izan dezan opa diogu. Nola ez, historia, erlijioa eta musika zerutar bezain arriskutsua biltzen duen liburu hau irakurtzera animatzen zaituztegu.