
gipuzkoakultura - liburutegiak
Azaroaren 19tik 23ra, Lee Marvin newyorktarrari eskainiko diogu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonoteka.
Gure protagonista gizon gogorretan gogorrenetakoa eta liskarzaleetan liskarzaleenetakoa da. Haurtzaroan eta gaztaroan ezaugarri hauek nabarmenak ziren (hainbat eskolatatik bota zuten). Bigarren Mundu Gerran marineetan eman zuen izena eta, ondoren, kasualitatez hasi zen zineman. Berehala nabarmendu zen gizon gogorraren roletan (Los comancheros, El hombre que mató a Liberty Valance...). 1965 urtean, Jane Fondarekin batera Elliot Silversteinen La ingenua explosiva filmean egindako lanari esker, Oscar saria eskuratu zuen. Sariak ospe handiagoa eman zion eta protagonista lanetan hasi zen. Protagonista gisa film zerrenda laburra badu ere (ezustean hil zen 63 urte zituela), oso interesgarria da, hilaren 19tik 23ra KOLDO MITXELENA Kulturunean, 17:30etatik aurrera ikusiko dugun bezala.
Astelehena 19: Los profesionales (1966). Richard Brooksek zuzendutako western mitikoa. Bidelapur batek onibar jabe baten emaztea baitzen du eta onibar jabeak ordainsari bilatzaile talde bat kontratatzen du. Film aparta eta aktore bikainak: Lee Marvin, Burt Lancaster, Robert Ryan, Claudia Cardinale, Jack Palance eta Ralph Bellamy.
Asteartea 20: Doce del patíbulo (1967). Robert Aldrichen film honetan, hiltzera zigortuta dauden soldadu talde bat Alemaniako lurretara bidaltzen dute Bigarren Mundu Gerran, misio suizida batekin. Filmak sona handia lortu zuen, besteak beste, ondoko aktore bikainei esker: John Cassavetes, Charles Bronson, Donald Sutherland, Telly Savalas, Ernest Borgnine eta Robert Ryan, besteak beste.
Asteazkena 21: Infierno en el Pacífico (1968). John Boormanen film psikologikoa. Bigarren Mundu Gerran bizirik atera diren amerikar (Lee Marvin) baten eta japoniar (Toshiro Mifune) baten abentura interesgarriak, uharte bakarti batean.
Osteguna 22: La leyenda de la ciudad sin nombre (1969). Joshua Loganek zuzendutako musikal bikaina. Urrea ogibide duten meatzari herri bateko abentura dibertigarriak. Lee Marvin ez ezik, aktoreen artean aipatzekoak dira Clint Eastwood eta Jean Seberg.
Ostirala 23: El emperador del norte (1973). Robert Aldrichek zuzendutako film hau ameriketako depresio garaian girotzen da. Marvin eta Ernest Borgninen arteko duelu bikaina. Aipatzekoa da Keith Carradine ere.