
gipuzkoakultura - liburutegiak
Zinemaren historian aktore gutxik izan dute Grace Kellyk bezain ibilbide labur, erakargarri eta emankorra. Hilaren 26tik 30era, printzesa bihurtutako aktore hau gogoratuko dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko fonotekan.
1951tik 1956ra 11 pelikulatan parte hartu zuen, besteak beste, ondoko zinemagile entzutetsuen zuzendaritzapean: Fred Zinnemann, John Ford, Charles Vidor eta Alfred Hitchcock. Aktore handiak ere izan zituen bidelagun: Gary Cooper, Clark Gable, Ava Gardner, James Stewart, Frank Sinatra, William Holden, Bing Crosby, Alec Guinness eta Cary Grant, esaterako.
Zineman ibilbide laburra izanda ere, emakumezko bigarren aktore onenaren Oscar sarirako izendatu zuten John Forden Mogambo filmean egindako lanarengatik, eta aktore onenaren saria ere lortu zuen La angustia de vivir filmarengatik.
Monakon film batean lanean ari zela Rainiero printzea ezagutu zuen; hala, zinema utzi monakoarren printzesa bihurtu zen.
Astelehenetik ostiralera, 17:30ean hasita, Grace Kellyren bost film eskainiko ditugu:
Astelehena 26: Solo ante el peligro (1952). Fred Zinnemannen film honetan Gary Cooperrekin batera lan egiten du gure protagonistak. Sinopsia aski ezaguna da: giltzaperatu zituelako mendekua nahi duten bidelapur talde bati aurre egin behar dio sheriff batek. Herrikideek abandonatu dute eta alde egiteko esaten diote. Aipatzekoa da Dimitri Tiomkinen musika.
Asteartea 27: La ventana indiscreta (1954). Alfred Hitchcock handiak zuzendutako film ezaguna. James Stewart etxean lesionatuta dagoen argazkilari bat da eta prismatikoekin bizilagun bat zelatatzen du. Kontua korapilatu egingo da eta bere neska laguna (Grace Kelly) eta erizaina nahastuko ditu korapiloan.
Asteazkena 28: La angustia de vivir (1954.). George Seaton dugu film honen zuzendaria. Aktore bat (Bing Crosby) bere semearen heriotzarengatik eta alkoholarengatik atsekabetuta bizi da. Laguntzen dioten bakarrak bere emaztea (Grace Kelly) eta lagunik onena (William Holden) dira. Gure protagonistak aktore onenaren Oscar saria eskuratu zuen lan honi esker.
Osteguna 29: Los puentes de Toko-Ri (1954). Mark Robsonek zuzendu zuen Koreako gerran girotutako film hau. Airezko erasoen irudi ikusgarriek eta efektu bereziek Oscar saria lortu zuten. Gure protagonistaz gain, aktore talde bikaina biltzen du film honek: William Holden, Frederic March eta Mickey Rooney, besteak beste.
Ostirala 30: Atrapa a un ladrón (1955). Alfred Hitchcockek Monako printzerrian filmatu zuen. Inguruan izandako lapurreta batzuen aurrean, bere izen ona garbitu nahi duen bitxi lapur ohi baten gorabeherak ditu ardatz. Cary Grant eta Grace Kelly ditugu protagonista.