
gipuzkoakultura - liburutegiak
Azaroaren 21ean Fernando Fernán Gómez hil zen. Haren omenez, bi astetan bere film zerrendari errepaso txiki bat emango diogu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan.
Kasualitatez Perun jaio zen arren (bere ama antzezlea zen eta bira bat egiten ari zenenean jaio zen semea), ibilbide artistikoa Espainian garatu zuen, batez ere. Hainbat arlotan nabarmendu zen: aktorea, antzerki eta zinema zuzendaria, gidoilaria, idazlea, artikulugilea... Hala ere, batez ere, zineman egindako zuzendari eta aktore lanengatik izan da ezagun.
Oso gazte hasi zen giro honetan, Enrique Jardiel Poncelaren Los ladrones somos gente honrada (1940) antzezlanean aktore gisa. Geroztik, hamaika film, antzezlan eta telesailetan parte hartu zuen. Film zerrenda luzea du, beraz; 90eko hamarkadan ibilbidea pixka bat eten zuen, osasun arazoak zirela eta. Bere azken lanak 2006koak dira.
Literaturan egindako lana ere aipatzekoa da: eleberria, antzerkia, poesia, artikuluak, haur literatura, memoriak....
Horren bizitza emankorrak, noski, hainbat sari ekarri zizkion: Bost Goya sari (zuzendari onenari, aktorerik onenari, bigarren aktore onenari eta bitan gidoilari onenari), Zilarrezko bi hartza eta Ohorezko hartza (2005) Berlingo Zinemaldian, Epaimahaiaren saria Zinemaldian(1989) eta Donostia Saria 1999an, Espainiako Antzerki Saria (1985) B eserlekuan eta Espainiako Zinema Saria (1989), Espainiako Hizkuntza Akademiako kide eta Príncipe de Asturias Saria arte arloan (1995) eta abar luze bat.
Abenduaren 3tik 7ra ondoko filmak eskainiko ditugu, ohi bezala, 17:30ean :
Astelehena 3: Las muchachas de azul (1957). Pedro Lazagak zuzendu zuen. Izenburua saltoki handi batean lan egiten duten emakume batzuen uniformeen koloreari dagokio. Haien bizitza eta ilusioak ditu ardatz filmak, bereziki ametsetako senarra aurekitzekoa. Aktoreen artean, gure protagonistaz gain, aipatzekoak dira Tony Leblanc, Analía Gadé, Antonio Ozores eta Licia Calderón, besteak beste.
Asteartea 4: Luna de verano (1959). Hau ere Pedro Lazagarena. Komedia honetako protagonistak Frantziako bi neskato dira; Donostiara datoz udako ikastaro bat egitera, baina lehenengo Iruñeatik pasako dira eta Sanferminak ezagutuko dituzte... Fernando Fernán Gómezekin batera Tony Leblanc, Laura Valenzuela eta Analía Gadé ditugu film honetan.
Asteazkena 5: La ironía del dinero (1959). Edgar Nevilleek zuzendu zuen. Diru asko duen diru-zorreo bat aurkitzen duten zenbait pertsonaiari buruzko lau istorio kontatzen ditu. Gure protagonistaz gain, ondoko aktoreek parte hartzen dute: Antonio Vico, Cécile Aubry eta Guillermo Marín.
Osteguna 6: Ez dago filmarik
Ostirala 7: Sólo para hombres (1960). Fernando Fernán Gómez berak zuzendu zuen film hau, Miguel Mihuraren Sublime decisión antzezlana moldatuz. Aktoreen artean aipatzekoak dira Analía Gadé eta Elvira Quintillá. Musika Antón García Abrilena da.