
gipuzkoakultura - liburutegiak
Ziklo honen izenburua esanguratsua da; izan ere, datorren astean ezpatari eta mosketariak nagusi izango dira KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan. Ohorea, maitasuna, aberria eta errege-erreginak beste ezerren gainetik daude film hauetan. Garai desberdinetako lau pelikula hautatu ditugu (izan ere, ostiralean liburutegia itxita egongo da), ohi bezala, 17:30ean eskaintzeko.
Astelehena, 8: La Pimpinela Escarlata (1935). Frantziako Iraultzaren gehiegikeri eta bidegabekerien kontra egiten duen pertsonaia baten abenturak kontatzen ditu Harold Youngek zuzendutako film honek. Aipatzekoa da Leslie Howarden lana.
Asteartea, 9: El capitán (1960). André Hunebellek zuzendutako film hau ere Frantzian girotuta dago, Luis XIII izango zena adin txikikoa zen garaian, Richelieu kardinalaren azpijikoen artean. Aipatzekoa da ondoko aktoreen lana: Jean Marais, Elsa Martinelli eta Bourvil.
Asteazkena, 10: Los tres mosqueteros (1973), Dumasen nobelaren moldaketa ederra, Richard Lesterren eskutik. Aktore bikainak biltzen ditu: Michael York, Oliver Reed, Richard Chamberlain, Raquel Welch, Faye Dunaway, Charlton Heston eta beste asko.
Osteguna, 11: Cyrano de Bergerac (1990). Edmon Rostanden lanaren moldaketa bikaina, Jean-Paul Rappeneauren eskutik. Bost izendapen izan zituen Oscar sarietarako, atzerriko pelikularik onenarena barne. Gerad Depardieu protagonistak aktore onenaren saria lortu zuen Cannesen. Filmak Cyranoren istorioa kontatzen du; hau Roxanarekin maiteminduta dago, Roxana Christianekin; honek Cyranoren maitasun hitzak esaten dizkio Roxanari, Cyrano bera ez baita ausartzen bere itxurarekin Roxanaren aurrean azaltzen.