gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abenduak 1, astelehena

gipuzkoakultura - liburutegiak

« Luis Buñuel | liburutegiak | Mailegua internet bidez berritzea »

Deborah Kerr
2007/10/31

Deborah Kerr Urriaren 16an zinemaren historiako aktorerik eleganteenetako bat hil zen: Deborah Kerr britaniarra. KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan aktore handi hau gogoratuko dugu azaroaren 5etik 9ra. Ohi bezala, emanaldiak 17:30ean izango dira.

Deborah Kerr Helensburgen (Eskozia) jaio zen 1921 urtean. 1947 urtean eman zuen Hollywooderako jauzia, antzerkian eta Erresuma Batuko hainbat filmetan lan egin ondoren (horietako bat, Vida y muerte del coronel Blimp, zinema britaniarreko hamar film onenen artean dago). Estatu Batuetan arrakasta handia izan zuen George Cukor (Edward, mi hijo), Mervyn LeRoy (Quo Vadis) eta Richard Thorpe (El prisionero de Zenda) zuzendarien eskutik, besteak beste. Baina behin betiko ospea Fred Zinnemanen De aquí a la eternidad filmarekin lortu zuen, batez ere, Burt Lancasterrekin hondartzan egindako eszenarekin; izan ere, eszena hau oso eskandalagarria izan zen garai horretarako.

Sei aldiz izendatu zuten Oscar sarietarako (izendapen hauetan aipatzekoak dira De aquí a la eternidad eta El rey y yo filmak). Hala ere, saria ez zuen 1994 urtera arte eskuratu; urte horretan bere ibilbide osoa saritu zuten.

Azken urteetan, Suizan bizi zen aktore lana utzita, baina Parkinsonaren sintomak areagotu zitzaizkionean Ingalaterrara joan zen; bertan hil zen 86 urte zituela.

Ondoko filmak aukeratu ditugu fonotekan eskaintzeko:

Astelehena 5: Vida y muerte del coronel Blimp (1943). Michael Powellek eta Emeric Pressburgerek zuzendutako filma. Ohitura zaharretara lotuta, gerraren kontzeptu erromantikoa gogoan duen militar baten istorioa kontatzen du. Arrakasta handia izan zuen bere garaian eta, gaur egun ere, film handitzat hartzen da.

Sólo Dios lo sabe Asteartea 6: Tú y yo (1957), Leo McCareyek zuzendutako komedia erromantiko honek, bikotekidea duten arren, itsasbidai batean maitemintzen diren bi pertsonaren istorioa du ardatz. Cary Grant eta Deborah Kerr ditugu protagonista.

Asteazkena 7: Sólo Dios lo sabe (1957). John Hustonek zuzenduta. Bigarren Mundu Gerran Ozeano Bareko irla batean geratzen diren soldadu baten eta moja baten abenturak ditu ardatz. Aktoreen artean aipatzekoa da Robert Mitchum.

Osteguna 8: Buenos días, tristeza (1958). Otto Premingerren film hau Françoise Saganen elaberri ezagunean oinarrituta dago. Bertan, nerabe bat (Jean Seberg) bere aita alarguna (David Niven) bere amaordegaiarengandik (Deborah Kerr) banantzen saiatzen da.

Ostirala 9: Página en blanco (1960). Stanley Donenek zuzendutako komedia aparta. Aktoreak ere aipatzekoak dira: Deborah Kerr, Robert Mitchum, Jean Simmons eta Cary Grant.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net