
gipuzkoakultura - liburutegiak
Gure hurrengo Fonoteka Burt Lancasterri eskainiko diogu. Hilaren 22tik 26ra, bere lanik honenetako batzuk ikusteko aukera izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturunean, 17:30ean.
Burton Stephen Lancaster, zineman Burt Lancaster izenez ezaguna, New Yorken jaio zen 1913ko azaroaren 2an. Gaztetan, zinemak baino, zirkoak erakarri zuen, bereziki trapezioak (1956 urtean izen bereko film batean parte hartu zuen). Baina istripu baten ondorioz zirkoko jarduera utzi behar izan zuen. Geroxeago, antzerkian egin zuen debuta, Broadwayen. Handik zinemara. Lan txikiekin hasi eta 1946 urtean Forajidos filmean lehen paper garrantzitsua lortu zuen arte. Hasieran abentura filmak, gero ekintza eta intrigazkoak, eta , azkenik, besteak beste, Bertoluccik edo Viscontik gidatutako klasikoak. Hainbat izendapen eta sari lortu zituen. Aipatzekoak dira aktore onenaren Oscarrerako izendapenak (De aquí a la eternidad, El hombre de Alcatraz eta Atlantic city) eta 1960an El fuego y la palabra filmarekin lortutakoa. 1994an hil zen Los Angelesen, dagoeneko zinema utzita zuela.
Ondoko filmak eskainiko ditugu:
Astelehena 22: De aquí a la eternidad (1953). Fred Zinnemannek zuzendutako pelikula handi honek zortzi Oscar eskuratu zituen. Protagonistaz gain, ondoko aktoreak ere azpimarratzekoak dira: Deborah Kerr, Montgomery Clift, Frank Sinatra (bigarren mailako aktore onenari Oscarra) eta Donna Reed (berak ere Oscarra lortu zuen). Abenturak eta maitasun-harreman debekatuak, Pearl Harborreko bonbardeaketaren garaian.
Asteartea 23: Duelo de titanes (1957). Wyatt Earp, Doc Holliday eta Clantondarren artean OK Corralen izandako duelu ezagunari buruzko beste film bat, oraingoan, John Sturgesen eskutik. Aipatzekoak dira Kirk Douglasen lana eta Dimitri Tiomkinen partitura ahaztezina.
Asteazkena 24: Los que no perdonan (1960). John Hustonek artez zuzendutako filma. Aktoreak ere aipatzekoak dira: Burt Lancaster, Audrey Hepburn, Audie Murphy, Charles Bickford eta John Saxon, besteak beste.
Osteguna 25: El fuego y la palabra (1960). Richard Brooksek zuzendutako film honetan, Burt Lancaster sermolari lanean hasten da, dirua eskuratzeko bide bikaina dela uste duelako. Lan honi esker Oscar saria eskuratu zuen Lancasterrek. Ondoko aktoreak ere aipatzekoak dira: Jean Simmons, Shirley Jones eta Arthur Kennedy.
Ostirala 26: El tren (1964). Abentura film atsegingarria. Alemanek Frantzian egindako artelanen espoliazioa eta hauek Berlinera trenez garraiatzea ditu ardatz. John Frankenheimerrek zuzendu zuen eta, Burt Lancasterrez gain, aipatzekoak dira Paul Scofield eta Jeanne Moreau.