gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko abuztuak 30, larunbata

gipuzkoakultura - liburutegiak

« Blasfemiari erantzuteko otoitz | liburutegiak | Baskongadoen arazoak »

Michelangelo Antonioni
2007/09/21

Michelangelo Antonioni

Ingmar Bergman hil zen egun berean (07-7-30), Italiako zuzendari handienetako bat ere hil zen: Michelangelo Antonioni. Berari eskainiko diogu, hain zuzen, KOLDO MITXELENA Kulturuneko fonoteka irailaren 24tik 28ra.

Bizitza luze (94 urte) eta emankorra izan zuen Antonionik. Zinema ez ezik, literatura eta pintura landu zituen. Zinemari dagokionez, Centro Sperimentale di Cinematografia-n ikasi zuen eta, zuzendari lanetan hasi aurretik, Rosselliniren Un Pilota ritorna (1942) filmean gidoilari aritu zen.

Zuzendari gisa hainbat sari eskuratu ditu; ondokoak, besteak beste: Urrezko Hartza Berlingo Zinema Jaialdian (1961) La noche filmarekin, Urrezko Lehoia Veneziako Mostran (1964) El desierto rojo filmarekin, Epaimahaiaren Saria Canneseko Jaialdian (1962) El eclipse filmarekin eta Urrezko Palma (1967) Blow Up filmarekin. Sari hauetaz gain, 1993an Europako Zinema Akademiak bere ibilbidea saritu zuen eta 1995ean Ohorezko Oscar saria jaso zuen.

Astelehenetik ostiralera KMKko Fonotekan ondoko filmak eskainiko ditugu, ohi bezala, 17:30ean:

Astelehena 24: La señora sin camelias (1953). Lucia Bosè eta Gino Cervi protagonista dituen film honek zinema izar bihurtzen den dendari baten istorioa kontatzen du.

Asteartea 25: La noche (1961). Marcello Mastroianni eta Jeanne Moreau dira filmeko protagonista. Pixkanaka, baina etengabe, hondatzen den senar-emazte batzuen harremana da istorioaren ardatza.

Asteazkena 26: El desierto rojo (1964). Pelikula honek ere bikoteen arteko arazo eta desleialtasunak ditu ardatz. Mónica Vitti eta Richard Harris ditugu bikote rolean.

Osteguna, 27: Blow Up (1966). Zinemagile italiarraren pelikularik onenetako bat dugu hau. Julio Cortazarren ipuin batean oinarritutua, argazkien bidez hilketa bat argitu nahi duen argazkilari baten istorioa kontatzen du. Azpimarratzekoa da ondoko aktoreen lana: David Hemmings, Vanessa Redgrave, Sarah Miles eta Jane Birkin.

Ostirala 28: El reportero (1975). Jack Nicholson eta María Schneider dira pelikula honetako aktore nagusiak. Dokumental bat egiteko Afrikako herrialde batean dagoen kazetari batek negozio gizon baten gorpua aurkituko du hotelera bueltatzean. Bere bizitza goitik behera aldatuko du kazetariak, negozio-gizonaren tokia hartuta.

 
Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura eta Euskara Departamentua- Gipuzkoako Foru Aldundia.
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net