
gipuzkoakultura - liburutegiak
Komikiek gero eta arrakasta handiagoa dute zineman. Komikiaren munduko heroi handien istorioak zinemara egokitu dira, eta film horien bigarren zatiak ere sarritan egiten dira, superprodukzioak are errentagarriago bihurtuz (ikusi besterik ez ditugu Superman, Batman, Asterix, Spiderman eta beste hainbat) eta komikiak sortzen duen interesa agerian utziz.
Datorren astean zineman agertu diren heroi horietako batzuk ikusi ahal izango ditugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan.
Astelehenean, ekainak 18, “Barbarella: la Venus del espacio” (1968) eskainiko dugu, 1962. urtean Frantzian sortu eta Roger Vadimek zuzenduriko emakume heroiaren istorioa. Jane Fondak egin zuen protagonista jori eta erotikoarena, oihartzun handia sortuz.
Richard Donnerren “Superman” (1978) filmarekin jarraituko dugu. Heroia antzezteko, Christopher Reeve aukeratu zuten beste aktore handi batzuen artean, komikiaren Supermanarekin zuen antzagatik. Aktore-zerrendan, horrez gain, Glenn Ford, Marlon Brando (13 milioi dolar kobratu zituen 13 egunetako lanagatik ; huskeria!) eta Gene Hackman ikusi ahal izango ditugu, besteak beste.
Asteazenean, Tim Burtonen “Batman” (1989) eskainiko dugu. Komiki horretan oinarritutako bertsio onena da, zalantzarik gabe. Asko lagundu zuten horretan gainontzeko aktoreek: Michael Keaton, Kim Basinger eta, batez ere, Jack Nickolson Jokerrena egiten.
Hurrengo egunean “Dick Tracy” (1990) ikusteko aukera izango dugu, amerikar pop kulturan arrakasta handikoa den pertsonaia ospetsuaren istorioa. Warren Beattyk zuzendu eta protagonizatu eta zuen filma, beste aktore hauekin batera: Al Pacino, Madonna, Dustin Hoffman eta James Caan.
Errepaso txiki honekin amaitzeko, Sam Raimik zuzendutako “Spider-Man” (2002) jarriko dugu. Tobey Maguirek egin zuen super armiarma-gizonarena eta beste aktoreak, Willem Dafoe “maltzurra” eta Kristen Dunst.
Emanaldiak, beti bezala, 17:30etan. Ongi pasatu!!