
gipuzkoakultura - liburutegiak
Antzerki eta zinemako aktore bikainetarikoa izango dugu gure artean aste honetan: sir Alec Guiness.
Aparteko aktore hau zinemaren historiako aldakorretarikoa izateagatik izango da gogoangarri; karakterizazioek antzemanezin bihurtzen zuten (Fagin “Oliver Twist”-en edo Feisal printzea “Lawrence de Arabia”-n), eta pertsonaiak antzeztu baino lehen burutzen zuen prestaketa-lanak (“Cromwell”-eko Karlos I.arena, esaterako) erabateko sinesgarritasuna ematen zioten. Oscar sarirako hainbat proposamen izan zituen aktore britainiar honek, eta baita horietako bi eskuratu ere, beste hainbat sariren artean. Bere filmetako bost eskainiko ditugu aste honetan KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan.
Astelehenean, ekainak 11, David Lean-en “Oliver Twist” (1948) jarriko dugu, Charles Dickens-en eleberrian oinarrituriko filma. Aktoreak Fagin maltzurrarena egiten du bertan.
Asteartean, berriz, “El quinteto de la muerte” (1955) ikusteko aukera izango dugu, Alexander Mackendrick-ek zuzendutako umore beltzeko komedia bikaina. Aktore-zerrendan, berekin batera, Peter Sellers eta Herbert Lom izango dira. 2004 urtean, Coen anaiek film honen bertsio berria egin zuten, Tom Hanks zelarik protagonista.
Asteazkenean, David Leanen zuzendaritzapean berriz ere, “El puente sobre el río Kwai” (1957) filmean ikusteko aukera izango dugu. Hainbat Oscar jaso zuen pelikula honek, zuzendari eta aktore onenarena (azken hau Guinessek) eta musika onenarena Malcolm Arnoldek (txistuka abesten den “Bogey koronelaren martxa”) horien artean.
Hurrengo egunean, Lewis Gilberten “El motín del Defiant” (1962) eskainiko dugu. Dirk Bogarde eta Anthony Quayle dira aktore-zerrendako beste protagonistak.
Eta, zikloa amaitzeko, George Lucasen “La guerra de las Galaxias” (1977) izango dugu ostiralean. Harrison Ford, Mark Hamill eta Carrie Fisher izango dira, besteak beste, aktore britainiarrarekin batera jardungo direnak. Antzezpen honi esker berriro ere Oscarrerako izendatu zuten arren, Alec Guinessek gorroto handia zion bere Obi-Wan Kenobiren paperari. Zer pentsatuko luke, ordea, gaur egun bere oinordekoek film honen eskubideengatik bere filmografia osoarengatik baino diru gehiago jasotzen dutela jakingo balu…
Zain izango gaituzue 17:30etan.