
gipuzkoakultura - liburutegiak
Aste honetan berriz ere zinemari heltzeko, japoniar zinemaren maisua izango dugu gurekin, Akira Kurosawa, “zinemaren enperadorea”. Beste edozein zuzendarik baino hobeto islatu du japoniar gizartea, eta betiko idazleen egokitzapen bikainenak egiteagatik (Shakespeare, Dostoievski, Gorki, Hammett, Simenon, Tolstoi, etab.) gailendu da.
Zinemaren historiako zuzendari handienetarikoa kontsideratzen dute mundu mailan, eta sari garrantzitsuenak irabazi ditu (Veneziako Urrezko Leoia, Canneseko Urrezko Palma eta atzerriko film onenaren Oscarra, lan guztiengatik jasotako Oscar sariaz gain). Hori dela eta, datorren astean (maiatzak 28-ekainak 1) bere film onenetako bost emango ditugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko Fonotekan.
“El perro rabioso” (1949) filmarekin hasiko gara. Mundu Gerraren ondorioz suntsituriko Japonian, ustelkeria eta indarkeria ugariko hirian kokatzen da historia. Kurosawak gustukoen duen aktorea, Toshiro Mifune, da filmaren protagonista.
Hurrengo egunean, “Los siete samurais” (1954) ikusiko dugu. Bertsio asko egin dituzte film honetan oinarrituta, ezagunena John Sturgesen “Los 7 magníficos”.
Asteazkenean “Trono de sangre” (1957) jarriko dugu, William Shakespeare-en Macbethen egokitzapen finena kontsidera daitekeena.
Ostegunean, Maxim Gorkiren izen bereko lanean oinarritutako “Bajos fondos” (1957) ikusteko aukera izango dugu. Bete-betean asmatu zuen film honetan japoniar gizarte feudal umilenaren deskribapenarekin.
Amaitzeko, “Kagemusha” (La sombra del guerrero) (1980) eskainiko dugu. Canneseko Urrezko Palma lortu zuen Kurosawak Francis Ford Coppola eta George Lucasen laguntzarekin egin zuen film honekin. Halaber, zineman egindako ibilbideagatik beste Oscar bat jaso zuen.
Emanaldiak 17:30etan izango dira, ordu bete lehenago hasiko den “Los siete samurais” filmaren kasuan izan ezik.