
gipuzkoakultura - liburutegiak
Azkenaldian kontatu dizuegun bezala, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Liburutegiak antzinako postalak eta joan den mendeko 50 eta 60ko hamarkadatako argazkiak erosi ditu.
Gaurkoan, berriz, eskuratu dugun beste irudi-bilduma baten berri eman nahi dizuegu. Ubiria funtsaren grabatu litografikoak dira, aurrekoak baino zaharragoak: Euskal Herriari buruzko laurogeita hamar grabatu baino gehiago dira, hiru mendetakoak (XVII-XX).
Mapak, krokisak eta gotorleku, portu, herri, hiri eta paisaien marrazkiak dira gehienak.
Bilduma honek osatu egiten ditu orain artekoak, bai KOLDO MITXELENA Kulturuneko Liburutegikoak, bai Untzi Museoko eta Zumalakarregi Museokoak; horietako batzuk, hain justu, XIX. mendeko Albumaren web orrian daude ikusgai.