
gipuzkoakultura - liburutegiak
Duela hogeita hamar urte, diktadura bat amaitu zen hemen. Berrogei urteko diktadura, hain justu. Eta egon liteke, agian, ahaztu egin duenik. Edo inoiz jakin ez duenik. Zorionez, irudiak eta oroitzapenak ditugu gure eskura, hori gogorarazteko.
Oroitzapen horien parte dira KOLDO MITXELENA Kulturuneko Liburutegiak erosi dituen garai hartako 9.000 argazkiak (joan den mendeko 50 eta 60eko hamarkada artekoak), diktadurak gizartea eta ekitaldi sozialak estaltzen zituen garaikoak, alegia. Aparicio argazkilariak egin zituen argazkiak.
Bilduma horretan ikus dezakegu, besteak beste: diktadoreak arrantzaturiko kaxalotea, diktadorea auto deskapotagarrian, Donostian, diktadorea errezatzen, diktadorea Donostiako Alde Zaharrean, tropak ikuskatzen, kleroa eta herritarrak Lourdesko Ama Birjinari erregutzen, bere mendeurrenean, eguneroko bizitza eta bi uniformatu.
Aldi berean urrunak eta gertukoak egiten zaizkigun argazki hauek guztiek, nortzuk izan ginen islatzen dute.